Belenzaleek elkarren berri izan zuten

Guaixe 2022ko abe. 19a, 12:52

Sakanako belenzaleen elkarteak antolatuta, estatu iparraldeko belenzaleen elkarteetako ordezkariak Olatzagutian elkartu ziren. 186 pertsona izan ziren etorri zirenak. 19 jaiotzak ikusteko elkartearen egoitzatik, aldameneko lokaletik eta elizatik pasa ziren.

Iparraldeko belenzaleen elkarteetako 186 kide elkartu ziren urteroko topaketan. Sakanako belenzaleen elkartea izan zen aurten anfitrioia. Horregatik, haien egoitzan, aldameneko lokalean eta elizan 19 dioramaz osatutako erakusketa bat prestatu zuten. Haien 22 urteko ibilbidean egindako jaiotzak izan ziren ikusgai jarritakoak. Begi aztiek hasieratik gaur egunera arte sakandarrek jaiotzagintzak izandako garapena ikusi, balioa aitortu eta gozatzeko aukera izan zuten. 

Jaiotzen aurrean begira zeudela belenzaleen artean hizketaldiak sortu ziren. Jaiotzen detaileek gauza bat edo beste egiteko norberak zer teknika edo material erabiltzen zuen azaltzeko, jakintza partekatzeko bidea eman zien belenzaleei. Material markak, haiek non eskuratu daitezkeen eta bestelakoak elkarri azaldu zizkioten. Bestetik, etorritako belenzaleen artean oso aipatua izan zen sakandarrek perspektibarekin egiten duten lana: ″oso espazio txikian jaiotzei sakontasun handia ematen diete″.