Elkarri laguntzeko azoka

Guaixe 2022ko abe. 21a, 12:07

Sakanako Mank-eko Anitzartean zerbitzuak Elkarri Laguntza elkartea laguntzeko Elkartasun Azoka egin zuen, Olatzagutiko frontoian. Bigarren eskuko arropa eta jostailuak erosi ez ezik, haurrendako tailerrak eta arabiar janaria dastatzeko aukera izan zen ere. 

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak eta Olatzagutiko Udaleko Kultura eta Ludoteka zerbitzuak antolatuta, elkartasun azoka hartu zuen udal pilotalekuak domekan. Aurreko hiru ostegunetan kultur etxean egoera onean zeuden objektuak jaso zituzten antolatzaileek. Jendeak ″izugarri″ eman zuela jakinarazi du Begoña Zestau Baraibar kulturartekotasun teknikariak. Horiek guztiak dozena bat postutan salgai jarri zituzten. Mahaietan liburuak, jostailuak, arropa, oinetakoak, maindireak, mantak, bitxiak, poltsak, baxera, umeendako gurdiak… denetarik izan zen. 

Salmahaiez aparte, Help NA gobernuz kanpoko erakundeko kideek haurren eskubideen inguruko tailerra izan zen. Pintxoak eta tea dastatzeko aukera izan zuten frontoitik pasa zirenek. Baita marokoar jatorria duten olaztiarrek prestatutako crepeak, ogia, pizzatxoak ere. Goiz guztian zehar jende ugari pasa zen frontoitik, batez ere eguerdi partean. Orduan postu guztiak topera egon ziren. 

Guztia behar bezala antolatzeaz 14 boluntario arduratu ziren. Antolatzaileak azokak izandako harrerarekin eta helburuak bete zirela ikusita ″poz-pozik″ zeuden, ″zoragarria″ izan zela gaineratu dute. ″Premiak gero handiagoak direnez, heldu den uda baino lehen beste bi azoka aurreikusiak ditugu″, aurreratu du Zestauk. Olaztiarrek eman eta saldu ez zena Elkarri Laguntza gobernuz kanpoko erakundeari eman diote antolatzaileek.