Astekaria

"Euskal Selekzioarekin lehiatzea ikaragarria izan zen”

Maider Betelu Ganboa 2023ko urt. 7a, 13:00

Txileren kontrako partidan hirugarren golaren asistentzia egin zuen Maitane Vilariño Mendinueta futbol jokalari olaztiarrak. Orain Osasuna Lehen Mailara igotzea da helburu nagusia, eta ilbeltzaren 10ean Erregina Kopan Lehen Mailako Bartzelonaren kontra jokatzeko irrikaz dago

Abenduaren 20an Euskal Selekzioak 3 eta 0 irabazi zion nazioarte mailan eskarmentu handia duen Txileko Selekzioari. Maitane Vilariño Mendinueta olaztiarraren debuta primerakoa izan zen, hirugarren goleko asistentzia egin baitzuen. Orain Osasunak Lehen Mailara igotzeko borrokan murgilduko da berriz.

Noiz jakin zenuen Euskal Selekzioko hautatuetako bat zinela?
Aurreko ostiralean, abenduaren 16an, Osasunarekin Granadara abiatu baino lehen. Sandra Gramajok deitu zidan berria emateko. Oso pozik hartu nuen, ez nuelako espero. Oraindik 20 urte ditudanez absolutura joatea ez nuen aurreikusten.

Euskal Selekzioan lehen mailako jokalariekin batera jokatzea handia izango da. Agian zuk miresten duzun jokalariren bat izango zenuen taldekide.
Jakina! Errealeko jokalariak, esaterako: Nerea, Iraia, Ane Etxezarreta, Amaiur… beraiekin talde berean jokatzea ametsa izan da. Oso gustura aritu nintzen, lana izugarri erraztu zuten eta hori ere eskertzekoa da.

Tarte gutxi izan zenuten Txileko Selekzioaren kontrako astearteko partida prestatzeko.
Oso gutxi. Astelehen arratsaldean entrenatu genuen eta astearte goizean taktika landu genuen: arerioa nola estutu, baloi geldiko jokaldiak –faltak, alboko sakeak…– nola prestatu eta halakoak. Eta arratsaldean partida zen. Batzuk asteburuan jokatzetik gentozen, esaterako guk Granadan jokatu genuen eta Eibarkoek Kordoban, eta entrenamendu oso esturik egin gabe jokatu genuen.

Txile 2019an Munduko Kopan aritu zen, azkeneko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen eta Amerika Kopan bi aldiz izan dira txapeldunordeak. Txileri irabazteak meritu handia du.
Txile goi mailako selekzioa da, eta guk, soilik bi egunetan elkar ezagututa, horren ongi jokatzeak eta irabazteak pentsatzen dut gutaz asko esaten duela. Nahiz eta 3 eta 3 eta 0 irabazi, Txilek ez zizkigun gauzak batere erraztu, eurek ere beren aukerak izan zituztelako. Baina futbola horrelakoa da.  

Partidaren 57. minutuan sartu zinen zelaira, Sanadri ordezkatzera. 83. minutuan asistentzia bikaina egin zenion ezkerraldetik erdigunean zegoen Ane Mireni, hark golean bilakatu zuen. Euskal selekzioan ate handitik sartzea da hori.
(Kar, kar…) Hasieran partidan sartzea kosta egin zitzaidan, erritmoa handia zelako. Txileko hegaleko jokalaria nekatuta zegoela jabetuta, eta ni fresko nengoenez eta abiadura nire indarguneetako bat denez, Nereari pase luzea eskatu nion eta baloia iritsi zenean, aurre hartu nion, Ane Mireni erdiratu, eta hirugarren gola iritsi zen. Oso pozik nago.

"Euskal Selekzioan asko ikasi dut; Lehen mailako jokalarien aholkuak oso ongi etorriko zaizkit"

Juanjo Arregi hautatzaileak esan zuen zelaian argi ikusi zela Euskal Selekzioa Eurokoparako edo Mundialerako sailkatzeko gai dela.
Dugun maila erakutsi genuen, eta uste dut Eurokopara joango bagina ez ginetekeela gaizki arituko. Baina horretarako elkarrekin gehiago entrenatu beharko genuke. Aukera ematen badigute, hor egongo gara.

Euskal Selekzioarekin jokatzea...
... ikaragarria izan da. Asko ikasi dut. Lehen mailako jokalariek aholkuak eman zizkidaten, eta nire jokoko zenbait gauza zuzendu. Ikasitakoak Osasunan jarriko ditut praktikan; ongi etorriko zaizkit. Lehen mailan esperientzia handiagoa dute, hori nabaritzen da, eta nik euren aholkuak biziki eskertzen ditut. Entrenatzaileak, bigarren entrenatzaileak eta jokalariek asko lagundu ninduten. Oso pozik nago.

Emakumezkoen Lehen Mailaren azpitik sortutako kategoria berrian, Lehen Federazioa izenekoan, jokatzen du aurten Osasunak. Hamahiru jardunaldi jokatuta, Eibar da liderra (26 puntu) eta Osasuna laugarren (25 puntu). Osasunaren helburua Lehen Mailara igotzea dela argi dago.
Bi talde igoko dira Lehen Mailara: lehen sailkatua, zuzenean, eta 2. eta 5. postu artean sailkatutakoek jokatuko duten play-offeko irabazlea. Gure helburua, bai ala bai, Lehen Mailara igotzea da. Aukera badugu, baina aurten sortu duten liga berri horretan talde hoberenak daude, sailkapenean guztiak gertu gaude, eta ez da erraza izango, maila handia dagoelako. Ezin gara erlaxatu.

Denboraldi ona egiten ari zara; golegileen artean zaude. 
Aurre denboraldi oso ona egin nuen, baina liga hasieran egokitzea kosta egin zitzaidan. Duela gutxi, Barça B-ren kontra jokatu ondoren, Kakun Mainz entrenatzaileak ezker hegaleko postuan jarri zidan. Hasieran harrituta geratu nintzen, iaz aurrelarien puntan jarri ninduelako, baina ezkerreko bandan geratu naiz eta partida onak egiten ari naizela uste dut. Oso gustura nago. 

"Bartzelona munduko talderik onena da; Erreginaren Kopan euren kontra Sadarren jokatzea sekulakoa izango da"

Ilbeltzaren 7an Logroño hartuko duzue Taxoaren, ligako partidan, baina zale gorritxoak guztiz aztoratu dituen partida jokatuko duzue ilbeltzaren 10ean, Sadarren: Erregina Kopan Lehen Mailako Bartzelona izango duzue aurkari.
Sekulakoa izango da, Bartzelona munduko talderik onena edo onenetarikoa delako. Esperientzia ederra izango da eta, gainera, Sadarren jokatuko dugu. Bartzelonak ligan ez du partidarik galdu; soilik Bayern taldearen kontra galdu dute. Zaila izango da, baina bukaerara arte borrokatuko dugu. Ea Erregina Kopan aurrera egitea lortzen dugun, baina ez dugu ahaztu behar aurten gure helburu nagusia Lehen Mailara igotzea dela. Nolanahi ere, Bartzelonaren kontra jokatzea mundiala izango da. Egunotan atseden hartuta, abenduaren 27an hasiko gara entrenatzen, urte hasiera indartsua dugulako.

Aurten Olaztiko San Silvestrean parte hartuko duzu? Azken edizioko txapelduna zara.
Abenduaren 31n Reale Arenara joango naiz Errealak eta Osasunak jokatuko duten partida ikustera, eta, beraz, pena handiz ezingo nuela parte hartu uste nuen. Baina lasterketa eguerdira aurreratu dutela jakin berri dudanez, agian animatuko naiz. Eguna gerturatu ahala erabakiko dut.