Udalak hiru baso aprobetxamendu saldu nahi ditu

Guaixe 2022ko abe. 23a, 11:18
Olatzagutiko ikuspegia Urbasako portutik.

Guztiengatik 106.614,34 euro eskatzen ditu. Loteak eskuratu nahi dutenek enkantean parte hartzeko eskaerak ilbeltzaren 4ra arte aurkez ditzakete udaletxean.

Enkante publiko bidez Olatzagutiko Udalak hiru baso aprobetxamendu saldu nahi ditu. Bi lote Altzanian eta Basabean daude. Haietako bat Aritzmakur eta Motto dermiotan dago, gehien bat pagoz osatuta dago, nahiz eta haritz kandudun ale batzuk ere badituen. 49,3 hektareako eremuan dago aprobetxamendua eta bakanketa selektiboa eginen da. Guztira 1.072,4 metro kubiko pago egur eta 383,9 metro kubiko pago zura aterako dira, baita 12,9 metro kubiko haritz egurra ere. Guztira aprobetxamendu horrek 1.469,2 metro kubiko ditu eta udalak harengatik 30.180,02 euro eskatzen ditu. 

Bigarren lotea Arrilegun, Elizako harria eta Otxentabizkar dermioetan dago, 40,4 hektareako eremu baten barruan pagoen eta alertze batzuen bakanketa selektiboa egin behar da. Basozainek markatutako basoak moztu ondoren 2.768,4 metro kubiko pago egurra, 851 metro kubiko pago zura, haritz egurraren 14 metro kubiko eta alertzearen 96 eta 121,2 metro kubiko aterako dira. Guztira 3.851 metro kubiko. Aprobetxamendu horren balioa 69.228,03 eurokoa da. 

Hirugarren eta azken baso aprobetxamendua Urbasa magalean dago, Barga, Gerba eta Arrondoeta dermioetan. Pagoz osatutako lotea da Bakantze selektiboa egin ondoren handik 1.201 metro kubiko pago zura aterako da. Lote horrengatik Olatzagutiko Udalak 7.206,29 euro eskatzen ditu.