Euriteek eragindako kalteak konpontzeko lanak eman ditu udalak

Guaixe 2023ko urt. 9a, 11:17
Euriteek hondatutako bidea. OLATZAGUTIKO UDALA

Lanak udaberri akaberan eginen dira. 

Duela urte bateko euri jasek abeltzaintza azpiegituretan sortutako kalteak konpontzeko lanak emateko Olatzagutiko Udalaren deialdira lau enpresa aurkeztu ziren. Haien eskaintzak aztertu ondoren kontratazio epaimahaiak Construcciones Valeriano Esteban SM enpresari lanak ematea erabaki zuen. Haien truke 74.902,05 euro (BEZ kanpo jasoko ditu). Aurrekontu horri aurre egiteko udalak estatutik 50.884,20 euroko dirulaguntza jaso du.

Isasia, Azpiko dermio, Aldoiar, Fandoilar, Areatsota, Orna eta Larratxota bideetan konponketak eginen ditu enpresak. Gainera, Burunda ibai gaineko Aldoiarko zubiaren ezkerreko beheko harrizko estribuak kalte handiak jasan zituen. Horregatik hura kendu, harri lubetako harriak jarri eta ondoren, harri berekin estribua berreraikiko dute, guztia porlanarekin hartuz. Lanak hilabete batean eginen dira.