Atletismoa

Izaskun Beunza hirugarren Nafarroako Kros Luzeko Txapelketan

Maider Betelu Ganboa 2023ko urt. 23a, 12:30
Izaskun Beunza, ezkerrean, Tuteran jokatutako Nafarroako Kros Luzean. UTZITAKOA

Tuteran jokatutako Nafarroako Kros Luzeko Txapelketan hirugarren sailkatu zen Beste Iruña klubeko korrikalaria, eta Espainiako Txapelketan Nafarroa ordezkatzeko txartela lortu zuen. Gainontzeko sakandarrak ere txukun aritu ziren

Kros denboraldi bete-betean gaude. Ilbeltzaren 14an Tuterako Santa Quiteria zirkuituak Nafarroko Kros Luzeko Txapelketa hartu zuen, joan zen urtean Dantzalekun jokatu zena. Kategoria txikiko probetan Dantzaleku Sakana klubeko neska-mutikoak lehiatu ziren, eta baita proba nagusian ere.

Hotza eta lainoa izan ziren nagusi Tuteran. "Tuterara iritsi eta behe laino baxu-baxua eta oso tenperatura freskoa zegoen; hotza. Arratsaldeko ordu biak arte ez zuen jaso" azaldu du emakumezkoen proba nagusian parte hartu zuen Izaskun Beunza Azazeta Beste Iruñako atleta olaztiarrak.

Beunzaren planteamendua
Emakumezkoen proba nagusian Santa Quiterian prestatutako zirkuituari bost itzuli eman behar izan zizkioten korrikalariek, 8.400 metro osatzeko. "Zirkuitu gogorra da, oso gorabeheratsua, maldan gora eta behera. Abiadura konstante bat hartzea ezinezkoa da, eta horrek, bereziki, gogortzen du proba" Beunzaren esanetan. "Banekien Alicia Carrera (Grupompleo Pamplona Atletico) egonda, berak jantziko zuela txapela, ezustekoren bat gertatu ezean. Bestalde, Ainara Alcuaz (Hiru Herri) eta Vanesa Pacha (Hiru Herri) indartsu daude. Hortaz, nire burua podiumean egoteko aukera ikusten nuen, baina baita laugarren postuan sailkatzekoa ere, hiruron artean nahiko maila beretsua dugulako". Horiek ziren Beunzaren aurreikuspenak.

Izaskun Beunza: "Espainiako Kros Txapelketan ahalik eta hobekien sailkatu nahi dut. Disfrutatu"

Lehendabiziko bi itzulietan seikote batek hartu zuen aurrea, faborito nagusiak bertan zeudela. "Alicia Carrerak markatzen zuen erritmoa, baina denak oso paretsu geunden. Hirugarren bueltan Carrerak erritmo aldaketa egin zuen eta ihes egin zuen. Vanesa Pacha eta ni jarraitzen saiatu ginen, eta hirugarren itzulia biak elkarrekin egin genuen. Laugarren itzulian Pacha atzean uztea lortu nuen eta bakarrik gelditu nintzen, bigarren postuan". Egindako ahaleginak ordaina izan zuen. "Esfortzu gehiegi egin nuen, eta bosgarren itzuliari ekin nionerako nahiko nekatuta sentitu nintzen. Ainara Alcuaz gogotsu zetorren atzetik (kar, kar...) eta helmugara iristeko 800 metro inguru falta zirenean harrapatu ninduen eta ezin izan nuen haren erritmoa jarraitu. Hortik aurrera, helmugara arte ederki sufritu nuen. Beraz, hirugarren postuari eutsi izanagatik oso pozik nago" aitortu du Beste Iruñakoak.

Hurrena, Espainiako Txapelketa
Tuterakoa Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa zenez, emakumezkoetan sailkatutako lehendabiziko laurek Espainiako Kros Luzeko Txapelketan Nafarroa ordezkatzeko txartela lortu zuten. Gainontzeko bi ordezkariak Nafarroako Atletismo Federazioak aukeratuko ditu. "Espainiako Kros Luzeko Txapelketa ilbeltzaren 29an jokatuko da Ortuellan, eta hori izango da hurrengo erronka. Bertan maila handia dago eta ahalik eta hobekien sailkatzea eta disfrutatzea, hori izango da nire helburua bertan" azaldu du Beunzak.

 

Dantzalekukoak, txukun
Gizonezkoek 9,3 kilometroko lasterketa osatu zuten Tuteran. Proba borrokatuan Hiru Herriko Beñat Atarratze Rota gailendu zen (29:12). Rotak aitortu zuenez, "hotzarengatik eta lainoarengatik hasieran egokitzea kostatu egin zait. Azkenean boskote bat geratu gara aurrean eta azken aurreko itzulian erasora jo dut". Rotak Ardoiko Ayrton Azcueri 11 segundo atera zizkion, eta Andoni Acebedo izan zen hirugarrena (29:36).

Sakandarrei dagokienez, Dantzaleku-Sakana klubeko korrikalariek lan ona egin zuten. Ivan Sobredo "Triki" izan zen lehena, helmugan hamaseigarren (32:07). Sergio Garcia de Eulate hamazazpigarren iritsi zen (32:16) eta Jabi Gasanz hogeita batgarren (32:51). Hiru Herriko Mikel Berdud hogeitaseigarren postuan sartu zen (34:24). 

Aritz Etxeberria laugarren Araitz-Betelun
Bi urte ondoren itzuli zen 16. Araitz-Beteluko Krosa, ilbeltzaren 15ean jokatu zena. 125 korrikalari animatu ziren parte hartzera, euria eta hotza nagusi zirela. Betelu, Arribe eta Atallu artean prestatutako zirkuituari bi itzuli eginda, 7,7 kilometro osatu zituzten. Javi Menta andoaindarra hasieratik lasterketa buruan jarri zen eta gutxika tartea ateratzen hasi zen, garaipena lortu arte (25:06). 40 segundo atera zizkion Aitor Regillaga tolosarrari, eta hirugarren Uitziko Raul Amatriain izan zen (26:00). Laugarren postuan sailkatu zen Aritz Etxeberria altsasuarra, podiumera igotzear geratu zena (26:13). 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Carlos Mañeru 51. iritsi zen (33:15), Aingeru Azazeta 78. (38:21), eta Olatz Azazeta 79. (38:21). Emakumezkoetan Maria Ordoñezek dominatu zuen proba (29:09). 

Sakandarrak Valentzian
Ilbeltzaren 15ean 10k Valencia Ibercaja lasterketa famatu eta jendetsua jokatu zen Valentzian, 10 kilometroko proba ezaguna, munduko 30 herrialdetatik bertaratutako 10.000 partaide inguru izan zituena. Irteera arriskutsua izan zuen lasterketak, eroriko masiboa gertatu baitzen, baina azkenean aurrera egin zuen probak eta Weldon Kipkirui Langat keniatarra (26:55) eta Yalemzerf Yehualaw etiopiarra (29:19) izan ziren txapeldun handiak. Aipatzekoa da Hiru Herriko Asier Estarriaga etxarriarra 414. postuan sailkatu zela (33:29) eta Beste Iruñako Iraitz Senar lakuntzarra 599. (34:50).