Ihoteen Elkarteak herri ihotea sustatu asmoz, ederren apaindutako balkoiak saritzeko lehiaketa antolatu du estreinakoz. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek ihotearekin zerikusia duten apaingarriak erabili beharko dituzte balkoiak apaintzeko. Parte hartzaileen balkoiak otsailaren 16tik 25era apainduta mantendu beharko dira, haiek balioztatu, kalifikatu eta haietaz gozatu ahal izateko. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek otsailaren 15eko 24:00ak arteko epea dute izena emateko; udaletxean egin daiteke edo olaztikoihoteak@gmail.com e-posta helbidera idatzi behar da. Izena ematerakoan honako datuak eman beharko dira: balkoiaren jabearen izen-abizenak eta balkoia edo balkoi apainduak dauden etxebizitzaren helbide osoa (kalea, zenbakia eta atea).
Udalak jakinarazi duenez, lehiaketako epaimahaian Olatzagutiko Ihoteen Elkartea, udala, ihoteetako parte-hartzaile bat, San Miguel Elkartea, Santa Ana Elkartea eta Maisuenea gaztetxeko kide bana egonen da. Epaimahaiak apaindutako balkoien balorazioa otsailaren 18an eginen dute, 12:00etan. Lehiaketak 150, 100 eta 50 euroko hiru sari banatuko ditu. Etxebizitza batek sari bakarra jaso dezake. Bestalde, balkoi guztien argazkiak aterako dituzte, eta udalaren eta Ihote Elkartearen jabetza izatera pasako dira.