Erronka garrantzitsua du gaur, marsuak 9. Emakumezkoen Osasuna taldeak: Erreginaren Kopako Lauko Finalera sailkatzea. Talde gorritxoa Emakumezkoen Lehen Mailaren azpitik sortutako kategoria berrian, Lehen Federazioan jokatzen du eta Lehen Mailara igotzeko borrokan dago. Eta hain zuzen ere Lehen Mailan jokatzen duen Athletic taldea izango du aurkari, 18:35ean Taxoaren jokatuko den Erreginaren Kopako final laurdenetako partidan. Sarrerak agortuta, partida Teledeporten ikusteko aukera izango dute zaleek.
Osasunaren helburu nagusia Lehen Mailara igotzea da, baina Erreginaren Kopan aurrera egitea nahi dute gorritxoek, “talde honek anbizio handia duelako”, Kakun Mainz entrenatzaileak dioenez. Bere esanetara dagoen jokalarietako bat Maitane Vilariño olaztiarra da, Mainzen hamaikakoetan jokalari finkoa dena. Jokalari guztiak Athleticen kontrako partidarako “oso motibatuta eta gogotsu” daude, eta erronka garbia da: gaurko partida irabaztea eta Erreginaren Kopako Lauko Finalera sailkatzea.
Erreginaren Kopako final laurdenetako beste partidak ondokoak dira: Alhama-Granadilla Tenerife (1 eta 0), Granada-Atletico de Madrid (0 eta 3) eta Villarreal-Real Madrid (marsuak 9, 21:00etan).