Futbola

Burua tente, Kopari agur

Guaixe 2023ko mar. 10a, 08:30
Osasunaren hasierako hamaikakoa. Maitane Vilariño behean, bigarrena ezkerretik. OSASUNA

Osasunak ezin izan zuen Erreginaren Kopako finalerdietara sailkatu. Athletic-ek asko izerditu behar izan zuten Osasuna handi baten aurrean gailentzeko. Maitane Vilariñok oso ongi jokatu zuen

Marsuaren 9an Erreginaren Kopako final laurdenetako partida jokatu zuten Osasunak eta Athletic-ek Taxoaren, sarrera guztiak salduta zirela. Ikusmina handia zen eta bi taldeek espero bezalako erakustaldia eskaini zuten, bikain jokatu baitzuten. 

Lehia estua izan zuten Osasunak eta Athletic-ek. Bi taldeak erasora atera ziren eta garaipena lortzea, ez zuten besterik buruan. Athletic Lehen Mailako taldea da eta Osasuna haren azpikoa, Lehen Federaziokoa. Baina zelaian ez zen maila ezberdin hori inondik inora islatu. Bi taldeek gol aukera ederrak izan zituzten, baina 12. minutuan Azkonak Athletic aurreratu zuen. Osasunak ez zuen behera egin eta gorritxoek partidaren kontrola hartu zuten. Maitane Vilariño olaztiarraren jaurtiketak langan jo zuen bete-betean eta Valeroren jaurtiketa indartsu batek ere langan jo zuen. Oso ongi aritu zen olaztiarra. Osasunak aukerak sortu zituen, baina ez zituen gauzatu. Lehen zatian, lau aldiz jo zioten zurtoinari.

Bigarren zatian bi taldeak paretsu ibili ziren. Osasunak bi aukera oso garbi izan zituen, baina ez zuen bizkaitarren atean asmatu. Athleticek tartea gehiago zabaldu zuen 64. minutuan Pekek sartutako bigarren golarekin. Hala ere, Kakun Mainzen neskek atzera ere partidan sartzea lortu zuten, 67. minutuan Carmenen golari esker. Azken unera arte partida berdintzen saiatu zen Osasuna,  baina ezin izan zuten berdinketa lortu. Erreginaren Kopatik kanpo geratu da Osasuna, baina sekulako maila emanez eta burua oso tente, Athleticek gogotik sufritu behar izan baitzuen garaipena lortzeko. Azkenean, aurrelarien eraginkortasuna eta defentsa baliotuta gailendu zen Athletic.

Hurrena, Barcelona B
Lehen Federazioko 22. jardunaldian Osasunak Barcelona B taldea izango du arerio igandean, 12:00etan, Bartzelonako Joan Gamper Kirol Hirian. Osasuna Lehen Mailara igotzeko borrokan murgilduta dago.