Udan Euskaraz-en izena emateko epea gertu

Guaixe 2023ko mar. 22a, 11:16

Haurrak baloiarekin jolasten San Migel plazan. ARTXIBOA

Gaurtik apirilaren 4ra arte luzatuko da. Izena emateko 948 012 012 telefonora hots egin beharko da astegunetan, 08:00etatik 18:00etara.

Olatzagutiko Udalak haurrei zuzendutako euskarazko aisialdi programa eskaintzen du udan. Aurtengo Udan Euskaraz garagarrilaren 26tik garilaren 20ra arte izanen da, astegunetan, 10:00etatik 13:00etara. Hartan parte hartu dezakete Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bigarren mailatik hasi (2018. urtean jaiotakoak) Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arteko ikasleek, aipatutako biak barne daudela. Udal eskaintza hori D edo B ereduan ikasten dutenendako da. Dena dela, udalak azaldu duenez, beste hizkuntza ereduetan ikasten duten haurrek ere parte hartu ahal izanen dute kanpainan, baldin eta gutxienez eredu bereko zazpi haurreko taldea osatzen badute eta antzeko adina badute.

Izena emateko eta ordainketa egiteko 948 012 012 telefono zenbakira hots egin beharko da. Eta bide bera lehenetsi du udalak matrikula ordaintzeko. Bestela, diru kopurua udalaren edozein kontutan sartu daiteke. Bide hori aukeratzen dutenek, ordainagiria udaletxean aurkeztu beharko dute izena emateko epearen barruan. Ordaindu beharrekoari dagokionez, haur baten parte hartzeagatik 35 euro ordaindu behar dira, familia bereko bi kide edo gehiagorengatik, berriz, 58 euro. Udalak gaztigatu duenez, ordainketatik salbuetsita egongo dira egoera ekonomiko larrian dauden familiak, baldin eta udalari aldez aurretik ez ordaintzeko eskaera egiten badiote eta oinarrizko gizarte zerbitzuek horretarako propio egindako txostena aurkezten badute. Informazio gehiago behar duenak udaleko 948 562 446 telefonora hots egin dezake.