Udalak hiru baso aprobetxamendu saldu ditu

Guaixe 2023ko mar. 23a, 11:19
Olatzagutiko ikuspegia Urbasako portutik. ARTXIBOA

Guztien truke 106.614,34 euro eskatzen zituen eta 175.346 eskuratu ditu. Enpresa batek bi aprobetxamendu eskuratu ditu, eta bakarra beste enpresa batek.

Olatzagutiko Udalak, enkante publiko bidez, hiru baso aprobetxamendu saldu ditu, bi lote Altzanian eta Basabean daude, eta bestea Urbasako magalean. Saldutako lehen lotea Aritzmakur eta Motto dermiotan dago, gehien bat pagoz osatuta dago, nahiz eta haritz kandudun ale batzuk ere badituen. 49,3 hektareako eremuan dago aprobetxamendua eta bakanketa selektiboa eginen da. Guztira 1.072,4 metro kubiko pago egur eta 383,9 metro kubiko pago zura aterako dira, baita 12,9 metro kubiko haritz egurra ere. Guztira aprobetxamendu horrek 1.469,2 metro kubiko ditu eta udalak haren truke 30.180,02 euro eskatzen zituen eta Arpana Formacion Forestal SM enpresak 54.966 euro ordaindu ditu.  

Bigarren lotea, Arrilegun, Elizako harria eta Otxentabizkar dermioetan dago, 40,4 hektareako eremu baten barruan pagoen eta alertze batzuen bakanketa selektiboa egin behar da. Basozainek markatutako basoak moztu ondoren, 2.768,4 metro kubiko pago egurra, 851 metro kubiko pago zura, haritz egurraren 14 metro kubiko eta alertzearen 96 eta 121,2 metro kubiko aterako dira. Guztira 3.851 metro kubiko. Aprobetxamendu horri 69.228,03 euroko balioa eman zion udalak eta Barbuir SL enpresak 103.780 eurotan eskuratu du. 

Hirugarren eta azken baso aprobetxamendua, Urbasako magalean dago, Barga, Gerba eta Arrondoeta dermioetan. Pagoz osatutako lotea da. Bakantze selektiboa egin ondoren handik 1.201 metro kubiko pago zura aterako da. Lote horren truke Olatzagutiko Udalak 7.206,29 euro eskatu zituen eta Arpana Formacion Forestal SM enpresak 16.600 euro ordaindu ditu.