Automobilismoa

Ikuskizuna Olaztiko karriketan

Maider Betelu Ganboa 2023ko mai. 2a, 11:33

Sakana Motorsporteko Urko Berdud eta Mikel Rivero, Altamirara bidean.

Mattin Villares eta Alain Agirre (Clio Maxi) izan ziren azkarrenak V. Olaztiko Rallysprintean (15:19.300). Sakandarrek maila oso ona eman zuten eta Arkaitz Irigoienek eta Raul Lopezek egin zuten denbora onena (16:00.800)

Euria egingo ote zuen zen pilotu eta kopilotuen kezka nagusiena asistentzia gunean. Lehorreko gurpilekin hastea eta badaezpada eurikoak prest izan. Baina eguraldiak ateri eutsi zion eta baldintza onetan jokatu zen Sakana Motorsport eskuderiak antolatutako V. Olaztiko Rallysprinta. Olaztiko herri gunean hasi, alde zaharreko kale eta bihurgune estuetatik pasa, eta Clinker ondoko bihurgunean egin zuen aurrera ibilbideak, Urbasako portuko Altamira igo eta jaisteko. 5,390 kilometroko ibilbide eder eta teknikoa zen, denetarik zuena: maldak, bihurguneak eta Olaztiko karrika ederrak. Motorzale ugari bildu ziren Olaztiko kaleetan eta Altamiran proba jarraitzera. 

Bi sakandar Top Tenean 
Guztira 41 pilotu zeuden izena emanda, baina horietatik 39k lortu zuten proban aritzeko baimena, epaileen egiaztapenak gainditu eta gero. Ibilbidea lau aldiz osatu beharra zuten, eta denbora guztien baturarekin erabaki zen azken sailkapena. Malerreka eskuderiako Mattin Villares pilotua eta Alain Agirre kopilotuak (Clio Maxi) lortu zuten rallysprinta irabaztea, lau tartetan gailendu eta gero (15:19.300 minutu). 3 segundo atera zizkieten Kintoa Motorsporteko Iker Etxeberriari eta Aitor Antoñanari (BMWM3 E36, 15:22.600). Euren taldekide Iker Santesteban eta Miguel Narvaez (BMW E36) hirugarren izan ziren (15:53.400). 

Sakandarrek maila oso ona erakutsi zuten. Top Tena kontuan hartuta, Sakana Motorsporteko Arkaitz Irigoienek eta Raul Lopezek (Clio) egin zuten denborarik azkarrena (16:00.800), eta egindako lanarekin “oso pozik” dago bikoa. Formula Libreko 10. klasean bigarrenak izan ziren, eta scratch edo sailkapen orokorrean hirugarren postuan kokatu zituzten. Sakana Motorsporteko Urko Berdud eta Mikel Rivero (Clio Sport) scratchean zortzigarren sailkatu ziren (16:26.900), euren kategorian, laugarren klasean bigarren. Iker Askargorta eta Iñigo Galarza (Opel Astra) sailkapen orokorrean hamargarren izan ziren (16:40.100), eta bigarren klasean bigarren. 

Irteera hartu zuten 39 taldeetatik 28 sailkatu ziren eta 11 autok proba utzi behar izan zuten. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Sakana Motorsporteko Ander Gurmindo eta Asier Cruz (Clio Sport) hamalaugarren sailkatu ziren (17:17.400), lehen klasean bigarrenak. Asier Juanez eta Josu Omos (Clio Sport) scratchean hamabosgarren izan ziren, bigarren klasean hirugarrenak eta Nafarroako Junior Txapelketako sailkapenean lehenak. Euren helburua Olaztiko Rallysprinta despeditzea zen, eta hala egin zuten, lan polita eginez. 

Ekai Perez altsasuarra Escuderia Agurain taldeko Andoni Elizondo pilotuaren kopilotua izan zen (Ford Focus). Formula Libreko kategorian lehiatu ziren, eta hamabosgarren postuan sailkatu zituzten, Formula Libreko 10 mailan  hamaikagarren (18:05.500). 

Sakana Motorsportek lasterketaren balorazio ona egin du eta datorren hitzordua prestatzen hasi da: urriaren 8an jokatuko den Urbasako Igoera mitikoa.