Apirilaren 23an Kluben Arteko Ligaren bigarren fasea jokatu zen Olaztiko Erburua kiroldegian, Sutegi klubak antolatuta. Iskiza Sakana Gimnasia erritmikoko talde guztiek, Arbizuko eskolak, Iturmendiko taldeak, Sutegi taldeak eta Aguraingo Luzatzen taldeak parte hartu zuten Olaztin, guztira 140 gimnasta inguru.
Iskiza Sakanako taldeei dagokienez, eskola mailako gimnastek dantza berriak erakutsi zituzten. "Aparatu berriak landu eta erabili dituzte, uztaiak eta mazak, kasu" azaldu du Iskiza Sakanako koordinatzaile Olaia Agirrek.
Txapelketa mailako gimnastek haien bakarkako lana azken aldiz erakutsi zuten, banakako txapelketak bukatu baitira. Bestalde, kimu, haur eta kadete mailetako txapelketako taldeek maiatzaren 20an Tafallan erabakiko den Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Txapelketan defendatuko dituzten ariketak mustu zituzten. "Taldekako modalitatean aritzeak koordinazio garrantzitsua eta talde kohesio landua eskatzen du, eta jendaurrean urduritasunak eta bestelako faktoreek eragina dute. Horregatik Olaztiko jardunaldia oso garrantzitsua izan da gimnastendako. Orain Ligan erreparatutako ahulguneak indartzea dagokigu" gaineratu du Agirrek. Oinarrizko jubenil taldearendako, Olaztikoa Santanderren jokatutako Espainiako Txapelketaren aurreko azken erakustaldia izan zen. "Une oso onean daude".