Erregionalisten alkategai Jon Angulo Martinez, UPNko hainbat kiderekin batera Olatzagutian izan zen domekan. Igandeko udal hauteskundeetan UPNren aldeko botoa eskatu zuten. Angulok Olatzagutirako prestatutako programa bost zatitan banatu zuen. Alde batetik, Olatzagutiako jendearendako atalaren barruan proposatu du: kirol eskaintza zabaltzea, pertsonen zaintzaileendako arnas zerbitzu berri bat sortzea, lehen mailako arreta hobetzeko kudeaketak egitea eta lan egitea, adinekoendako kirola sustatzea, gardentasunaren alde egitea eta udalaren eta herritarren arteko komunikazio-bideak zabaltzea eta aniztasun ideologikoa eta ideiak inposiziorik gabe adierazteko askatasuna defendatzea.
Hezkuntza eta kulturan honako proposamenak dituzte erregionalistek: irteera profesionaletara bideratutako prestakuntza ikastaroak garatzea, Lantegi Eskolak laguntzea eta zentro-enpresa prestakuntza duala; arte eta hiri dekorazioko programa bat sortzea (horma-pinturak),
hormetako zikinkeriarekin bukatzeko; arrakala digitala hausteko teknologia berrien prestakuntza eta zabalkunde saioak eta kultura aniztasuna sustatzea eta lan egitea integrazioaren alde.
Industria eta hazkundeari dagokionez, UPNren helburua da industria erabilerarako lurzorua sustatzea eta erostea, enpresei eta ekintzaileei laguntzea eta tasak izoztea eta zergak jaistea. Hirigintza eta azpiegiturei dagokienez, erregionalistek fatxadak konpontzeko eta etxebizitzak birgaitzeko laguntza lerro bat ezarri nahi dute, parkeak estaltzeko proiektuak garatu eta sareak hobetzeko eta kaleak zolatzeko inbertsioak egin nahi dituzte. Azkenik, Olatzagutia iraunkorra izenarekin honako proposamenak egin dituzte: ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzea, tokiko energia komunitatearen proiektu bat aztertzea, aisialdi eremuetako altzariak egokitzea mugikortasun urriko pertsonendako eta argiztapen iraunkorra hobetzea eta handitzea.