Musika egiteko elkartzen diren Olaztiko hiru lagun

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko eka. 7a, 13:50
Poxpol taldeko bi kide Maisuenea Gaztetxean emandako kontzertuan. UTZITAKOA

Maiatzaren 20an Maisuenea Gaztetxearen urteurrena ospatu zuten eta ospakizunean sorpresa bat egon zen: Poxpol taldearen lehenengo kontzertua. Ekainaren 2an taldearen mustutze ofiziala izan zen.

Red Hot Chilli Peppers, Nirvana eta abarren abestien bertsioak egiteko elkartzen hasi ziren duela zortzi bat urte Olaztiko hiru lagun; Unai Ruiz bateria jolea, Julen Bujanda baxu jolea eta ahotsa eta Kepa Galbete gitarra jolea eta ahotsa. "Hasieran talde klasikoen bertsioak egiten genituen, eta asko inprobisatu ere bai". Pixkanaka punk estilora salto egin zuten, "eta nahiko gorabeherekin", gaur egun arte iritsi dira. Poxpol taldea sortu dute. Gaur, ekainak 2, ostirala, 23:00etan, Clinker tabernaren terrazan kontzertua emanen dute; oholtzakide Muga Zero talde lakuntzarra izanen dute.

"Lehen kontzertua Olaztiko Gaztetxearen urteurrenean egin genuen. Sorpresa izan zen. Azkenean, lokala gaztetxean daukagu, hor sortu ginen, eta opari bezala hor jo genuen; lagunen artean". Gaurko kontzerturako "nerbioak kentzeko" baliagarria izan zen maiatzaren 20an eman zuten lehenengo kontzertu hura. "Lehenengolehenengoa ez izateko".


Poxpol taldeko bateria jolea Maisuenean emandako kontzertuan. UTZITAKOA

Mustutzea
Ongi pasatzeko eta "guretako" elkartzen dira eta jotzen dute. "Clinkerren jotzea proposatu ziguten eta animatu ginen, eta orain serioagoedo hartu dugu". Hala ere, ez dute "gustuko" epe luzerako pentsatzea, "baina bai aurrera begira bost abesti grabatzea pentsatuta dugula, epe laburragoan". Poxpol taldeko kideak lehenengo aldiz Maisuenearen urteurrenean igo ziren eszenatokira, aurretik ez dira beste talderen batean egon, baina "babestuta" sentitu dira. "Eskaini genuen kontzertuan jendea topera zegoen, eta eskertzekoa da".

Zazpi abesti propio dituzte, eta kontzertuetan "hiru edo lau" bertsio ere jotzen dituzte. Kantek, "batez ere", arazo sozialei buruz hitz egiten dute: "Badaukagu abesti bat hiriak jasaten ari diren gentrifikazioaz eta turistifikazioaz hitz egiten duena, beste bat harakintza industriari buruzkoa eta beste bat herriari zuzendutako maitasungorroto gutun bat dena".

Zuzenak
"Etiketak jartzea zaila egiten zaigu; punk iluna eta post punk ere antzematen dela esan digute". Influentziak stoner eta hard rockean duten, "asko entzuten dugu", eta haien musika "hor tartean egon daiteke".

Clinkerren emanen duten kontzertua "azkarra eta zuzena" izanen dela esan dute musikariek, haien abestiak "zuzenak" direlako ere.