Etxebizitza udalaren lehentasuna

Guaixe 2023ko eka. 15a, 08:50
Baratza, etxeak eta eliza. ARTXIBOA

Olatzagutiako Udalak aurten 2.376.993,80 euroko aurrekontua du. Udal kontu horien barruan daude musika eskolako patronatuko aurrekontuko 36.000 euroak eta Erburua Olazti SM enpresa publikorako bideratutako 120.000 euroak. 

Joseba Vizuete Askargorta alkateak azaldu duenez, “udalaren aurtengo asmoetako bat da Nasuvinsa enpresa publikoarekin harremanetan jartzea eta etxebizitzaren gaia mugitzea”. Vizuetek gogorarazi du etxebizitzaren beharrari, eskaintzari eta eskaerari buruzko azterlan bat egin zutela joan zen urtean. “Jasotako datuekin joanen gara haiengana”, azaldu du alkateak. Ikerketa egiteko Olatzagutiko Udalak Nafarroako Gobernuaren 20.000 euroko dirulaguntza izan zuen. 

Bestalde, eskolan bi urtekoen gelak segitzeko 14.000 euro bideratuko ditu udalak. “Guraso elkartearekin hitzarmena sinatu dugu eta, horrela, herrian zerbitzua eskaintzen segituko dugu”. Alkateak jakinarazi du kultur eskaintza zabalarekin segitzeko asmoa dutela, baita Sakanako Mankomunitateko zerbitzuekin elkarlanean aritu ere. Aurreratu du aurten ere parte hartze aurrekontuek 30.000 euroko poltsa izanen dutela, “irailera aurreratu nahi dugu deialdia”, argitu du alkateak.

Plaza, kalea eta frontoia 
Olatzagutiko Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu zion Tokiko Inbertsioen Planaren barruan jasotzeko Vicente Argomaniz plazaren zolatzea. Foru administrazioak eskaera atzera bota zuen. “Lanak aurten egin nahi genituzke. Bizpahiru proiektu landuko ditugu eta jendeak haien artean aukeratzeko aukera izanen du. Zolatzeaz aparte, hiri altzariak jarriko dira”, azaldu du alkateak. Gogorarazi du oinezkoendako eremua dela plaza eta ibilgailuak ez sartzeko udalak aurki piboteak jarriko dituela.

Herriko hirigintza aldatuko duen beste lan bat eginen du udalak: Arronga plaza eta Kale Txikia elkarrekin lotu azken hori luzatuz. Kalearen eta plazaren artean baratza dago eta hura kenduta eraikiko du kalea udalak. Alkateak azaldu duenez, “mugikortasun arazoak izan dira eta horiek saihesteko eginen dira lanak”. Horretarako, 25.000 euroko aurrekontua dute. 

Joan den urteko parte hartze aurrekontuen bidez olaztiarrek erabaki zuten frontoiko atea aldatzea eta hango koxka kentzea. Horrekin batera bi ate txiki zabaldu ditu udalak. Lan horiek 11.800 euroko aurrekontua izan dute, eta despeditzear dira. Vizuetek azaldu duenez, “pilotalekuko atea zabalik utziko dugu. Jendeak errespetatzen badu eta egoki erabiltzen badu, zabalik jarraituko du. Baina hilabete batzuen ondoren aztertuko dugu. Erabilera ona balego zabalik utziko genuke, arazoak baleude ate automatikoa jartzeko aukera genuke. Ate txikietako batean jarriko litzateke”.  

Inbertsioak
Vizuetek jakinarazi duenez, “igerilekuan dagoen eraikina zahartuta gelditu da eta hura berritzeko lanei uda pasa ondoren ekin nahi diegu”. Gaineratu duenez, “eraikin irisgarria izatea nahi dugu. Gainera aldageletan gortinen ordez ateak jarriko ditugu, dutxak eta komunak berritu...” 

Udal eraikinekin segituz, eskola publikoko psikomotrizitate gela berrituko du udan udalak. Lanak 14.000 euroko aurrekontua izanen du. Ikastetxeko berogailu bakoitzean termostatoa jarri zuen joan zen urtean. Argiak aldatzeko dirulaguntza jasotzearen zain dago udala. Bestalde, Sutegi eraikinean komuna aldatzeko 15.000 euro inguru beharko ditu. Kiroldegiko gimnasioko tresneria berritzeko asmoa ere badu udalak, eta horretara 20.000 euro bideratuko ditu. 

Arkinorruti industrialdean udalak farolak aldatu ditu. Berriek LED argiekin argiztatzen dute industria gunea. “Herriko argiteria publikoan zati txiki bat falta da aldatzeko. Dirulaguntza jaso genuenean 15 urte baino gutxiago zuten farolen aldaketa kanpoan utzi zuen. Udalaren egitekoen artean dago, eta urtero ateratzen da parte hartze aurrekontuen aukeren artean”.  

Uholdea
2021eko abenduaren 10eko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko, udala 102.000 euroko balioa duten lanak egitekoa da. Inbertsioaren %80 dirulaguntza bidez estaliko du udalak. Egitekoen artean dago dermioko bideen konponketa. Zati batzuk kaskallu edota harearekin konponduko dituzte, besteetan porlanarekin, eta asfaltatuko dituzten bide zatiak ere izanen dira. Zati bakoitza nola konpondu aztertzen ari direla azaldu du alkateak. Konpondu beharreko bideak ibai ondoan daude. Bestetik, Larratxota errekan harri lubeta eraikiko dute. Horrekin batera, hainbat parajetan landaretza bakanduko dutela jakinarazi du. Aldi berean, Olatzagutiko Udalak 31.500 euroko balioa duten basolanak eginen ditu aurten, horiek ere dirulaguntzarekin.