Nazio Batuen Erakundeak Errefuxiatuen Munduko Eguna izendatua du garagartzaroaren 20a. Haren bidez, "mundu osoko errefuxiatuak eta desplazatuak ohoratu" nahi ditu. "Gatazketatik edo jazarpenetatik ihes egiteko beren etxea utzi behar izan duten pertsonen indarra eta kemena goratzeko” eguna izan nahi du. Nazio Batuen Erakundeak Errefuxiatuen Munduko Egunaren bidez “haien egoera zaila kontuan hartuta, errefuxiatuekiko eta desplazatuekiko ulermena eta enpatia sustatu" nahi ditu nazioarteko erakundeak, baita "iheslariek haien bizitzak berreraikitzeko erresilientzia gaitasuna" aitortu ere.
Horiek guztiak kontutan hartuta, errefuxiatuak zer diren, haien errealitatea ezagutzeko eta bestelako aspektuak ezagutzeko, Olatzagutiko Domingo Bados eskola publikoko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek Ongi etorri errefuxiatuak proiektua egin dute. Duela sei aste ekin zioten proiektuaren lanketari eta, horretan ari zirela, ikasle olaztiarrek jakin zuten Altsasuko Otadiako Kristo Deuna aterpea errefuxiatuendako aterpe bilakatu zela. Hori jakinik, haietakoren bat ezagutzeko aukera baliatu nahi izan zuten. Gonbidapena egin eta, hari erantzunez, Altsasun aterpe hartuta dagoen Siriako familia bat joan zen haien klasera hilaren 8an. Haiek bizitakoak kontatu zizkieten ikasleei.
Bestalde, errefuxiatuen alde zerbait egin nahi izan dute Domingo Bados eskolako seigarren mailako ikasleek. Aurreko urteetatik iheslarien alde lan egiten duen Help NA gobernuz kanpoko erakundea ezagutzen zuten. Erakunde hori larrialdi humanitarioetarako Nafarroako suhiltzaileen taldea da. Gobernuz kanpoko erakunde hori laguntzeko zerbait egitea erabaki zuten, horrela, errefuxiatuak laguntzen segitzeko aukera izan zezan. Horregatik, seigarren mailako ikasleek eskumuturrekoak, orri markatzaileak, pegatinak eta bestelakoak egiten ari dira. Horiek guztiak Errefuxiatuen Munduko Egunean, asteartean, salgai jarriko dituzte.
Olatzagutiko azoka asteartean bertan denez, azokan izanen dira ikasleak beraien salmahaiarekin. Eguraldiak lagunduko ez balu eskolako frontoian jarriko lukete azoka. 11:00etan hasiko dira saltzen. Haien elkartasun azokaren berri emateko ikasleek kartelak jarri dituzte herriko denda eta tabernetan. Ikasleek eta eskolak Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuaren laguntza izan dute.