Olatzagutiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak herriaren eta Koskobiloko harrobi zaharraren ingurunearen arteko ibilbidea aurkeztu zuten hilaren 9an. Joseba Vizuete Askargorta jarduneko alkateak azaldu zuenez, ibilbidea bertako historiaurrea ezagutzeko modua da. Gaineratu duenez, ibilbidearen helburua "herriko ondare geologiko, paleontologiko eta historiko arkeologikoari balioa ematea da". Vizuetek azaldu duenez, “balioko du Olatzagutia mapan kokatzeko, jendeak herria non dagoen jakiteko, eta zer dagoen Olatzagutian. Aranzadikoek esan dutenez, Koskobilo II Nafarroako Atapuerka txiki bat izan daiteke”. Udalaren asmoa da Sakanako Garapen Agentziarekin batera Koskobiloko arkeologia aztarnategia bulkatzea. Hala azaldu du Vizuetek.
Alkatearen arabera, olaztiarrak "oso pozik" daude, "baita agertzen ari diren aztarnekin harrituta ere". Gogorarazi du antolatutako gidatutako bi bisitetan jendea kanpoan gelditu zela, "bidea ez zelako hain irisgarria". Jakinarazi duenez, "aurten, atzera ere, saiatuko gara halakoak antolatzen jendeak ondarea ezagut dezan".
Vizuetek gaineratu duenez, eskolarekin aztarnategiaren ingurukoak ere landu dituzte. Ikasturte berrian ikastetxearekin harremanetan jarriko da udala, "haurrek ere ezagut dezaten. Bestalde, Udan Euskaraz-en izena emandako haurrak ere etortzen dira. Gainera, festetan, Aranzadi zientzia elkartekoek haurrendako tailerrak eginen dituzte".
Koskobilo arkeologia aztarnategia bere osotasunean kontuan hartu du Olatzagutiko Udalak. "Oso garrantzitsua da Olatzagutian halako kobazulo bat egotea. Jakitea zer animalia mota zeuden ibarrean: makakoak, errinozeroak... Halakoak bakarrik Afrikan ikusten ditugu gaur egun, Halakoak Olatzagutian izan direla jakitea oso interesgarria da", azaldu du alkateak. Horregatik, hain zuzen, "aurtengo udal aurrekontuetan 100.000 euro jarri ditugu lanean jarraitzeko asmoz. Aranzadiko kideekin hitz egin behar dugu kobazuloa eta harrobia nola lotu, Koskobilo I nola landu (1940ko lezetik ateratako lurra mendian behera botata dago). Aranzadikoek esandakoaren arabera, kobak sakontasun handia duela ulertzen dugu". Aipatutako harrobia kobaren gainean dago. Cementos Portland Valderrivas enpresak hura lehengoratzeko plana egin du. "Dauden hondakinak eramateko enpresarekin harremanetan gaude. Asmoa da harrobiko plazan ibilbide polit bat egitea. Gainera, ahuntzetxeko bidea eta beste lotu nahi genituzke, Koskobilo eta beheko basoa mugitzeko. Lanean jarraitzeko asmoa dugu. Dozena bat urte edo gehiagorako lana dute koban".
Aranzadi zientzia elkarteko kideak garilean koban lanean ikusteko aukera izanen dela gogorarazi du. Horrekin batera, jakinarazi du garilaren 1ean ibilbidearen eta indusketa lanen aurkezpena eginen dela.