Ikasleen elkartasun azoka arrakastatsua izan zen

Guaixe 2023ko eka. 27a, 08:51

Ekimenak heldu den urtean jarraipena izanen du, eskolak eta Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak dagoeneko hitzarmena sinatu baitute.

Beste saltzaile batzuekin batera, Domingo Bados eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek salmenta postua jarri zuten azokan hilaren 20an, asteartearekin. Haien postutik senideez aparte, hainbat olaztiar ere pasa ziren erosketak egitera. Ikasleen salmahaia, ordea, berezia zen, Ongi etorri errefuxiatuak, elkartasun azoka baitzen. Ikasleek azken sei astetan errefuxiatuen inguruko proiektu bat landu dute. Eta haren baitan kokatzen zen elkartasun azoka. 

Ikasleek egindako eskumuturrekoak, esku orriak, brotxeak, Help NA gobernuz kanpoko erakundearen materiala (kamisetak, txapak eta mandarrak) saldu zituzten. Ikasleek borondatearen truke pegatinak banatu zituzten. Gainera, Marokon jaiotako emakumezko olaztiar batek ogiak eta gozoak eraman zituen eta denak saldu ziren. Saharar jatorriko emakumezko olaztiar batek tea eskaini zuen. Ikasle guztiek salmentan parte hartu zuten, baita azoka herriko saltokietara hurbilduz. Ikasleek ere beraien erosketak egin dituzte.

Horretaz aparte, ikasleek plazako paretetan Sakana Harrera Haranaren errefuxiatuei buruzko argazki erakusketa jarri zuten eta errefuxiatu eremuetan erabiltzen duten kanpin dendetako bat ere.

Proiektu guztiaren oso balorazio ona egin dute eskolako eta Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko ordezkariek. "Ikasleak oso pozik zeuden", gaztigatu dute. Jakinarazi dutenez, ikasleen sei asteko ekimenaren ondorioz, Help NArendako 600 euro inguru eskuratu dituzte. "Gobernuz kanpoko erakundekoak oso eskertuta daude", azaldu dute antolatzaileek.