Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoak garil guztia emanen dute lanean Koskobilo arkeologia aztarnategian. Haren aurretik, hilaren aurreneko egunean, bisita gidatua antolatu zuten. Elkartearekin batera, Olatzagutiko Udalak prestatu duen ibilbidea baliatu zuten bi bisita gidatuak egiteko. Beraz, Erburua kirolguneko aparkalekutik abiatu zen bisita. Indusketako buru Daniel Ruiz Gonzalezek, bidean aurrera egin ahala, ibilbidean dauden informazio panelak baliatuta azalpenak eman zituen. Kobaren ertzean Aranzadikoek hainbat arkeologia material esperimental eta historiaurreko tresnak erakutsi zizkieten.
Bisitaren ondoren, Ruizek nabarmendu zuenez, “azpimarratzekoa da jendearen jakin-mina; bisitariek hainbat galdera egin zituzten”. Bai bisitariak bai elkarteko kideak bisitekin “pozik” gelditu ziren. Berrogeita hamar bat pertsona elkartzea ere arrakastatsutzat jo zuten Aranzadikoek. Jakinarazi dutenez, garilean “ekintza gehiago egingo dugu: umeendako eta helduendako bisita gidatuak, arkeologia eta historiaurre tailerra umeendako eta abar.