Txirrindularitza

Luca Martinez, Olaztiko podiumera igotzear

Guaixe 2023ko uzt. 25a, 11:23

Sakana Group-Alea taldeko lakuntzarra laugarren sailkatu zen kadeteen I. Olazti Sarian

Uztailaren 21ean, ostirala, kadeteen mailako I. Olazti Saria antolatu zuen Burunda Txirrindularitza klubak. 60 km gorabeheratsuetan, Altamira bitan igo behar izan zuten lasterketa bukatzea lortu zuten 71 txirrindulariek. Lasterketa azkarra izan zen, batezbesteko kilometroko 43,34 abiadurakoa. 

Aranako Ford taldeko Hector Fernandezek lasterketa bikain irakurri zuen eta erasoa jota, bakar-bakarrik iritsi zen Klinker pareko helmugara (1:23:04). Lasterketa irabazteaz gain, Fernandezek mendiko txapelketa irabazi zuen. Atzetik seikote bat zuen segika, 27 segundora sartu zena, Mario Elizburu (Ulma) buru zela. Taldetxo horretan Luca Martinez lakuntzarra (Sakana Group-Alea) zegoen, helmugan laugarren izan zena eta Olaztiko podiumera igotzear geratu zena. 

Gainontzeko tropela zatikatuta iritsi zen. Quesos Albeniz taldeko Ekaitz Perez, Ekain Imaz eta Hegoi Garcia 12., 15. eta 36. sailkatu ziren, eta Sakana Group-Alea taldeko Janitz Zufiaurre eta Oihan Gorriti 52. eta 65. postuan. 

Talde onena Iruki Donostialdea izan zen, eta tartekako helmugen saria Ion Egiak lortu zuen (Luyando).