Ahlam Sabel

"Olatzagutiatik dena gustatzen zait"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko abu. 4a, 15:30

Ahlam Sabel Marokon jaiotako olaztiarra.

Herriko txoko bat aukeratzekotan, Jubilatuen Elkartearen ondoan dagoen parkea aipatu du Ahlam Sabel Marokon jaiotako olaztiarrak.

"Urte asko" daramatza Olatzagutian bizitzen Ahmal Sabelk. 2010ean iritsi zen, Etxarri Aranatzen bi urtez bizi ondoren. Hortaz, 2008. urtean iritsi zen Etxarri Aranatzera Ahmal, orain bere senarra denarekin: "Etxarri Aranazko udaletxean ezkondu ginen". Ondoren, senarrak Agurainen lan egiten zuenez, Olatzagutira bizitzera joan ziren, "gertuago zegoelako". 

Ahmal Marokoko El Kelaa des Sraghna Marrakex ondoan dagoen herrian jaio zen; 80 bat kilometrotara dago. "Ez da ez handia ez txikia, normala da". Altsasurekin alderatuta, Sakanako herririk handiena, "askoz handiagoa" dela esan du; ia 100.000 biztanle ditu Ahlamen jaiotze hiriak. Izen bereko probintziako hiriburua da, MarrakexSafi eskualdean, eta nekazal zonalde garrantzitsu bat da. 

Parkea

"Nik ez dut Altsasura joan nahi, hemen gelditu nahi dut" 

"Olaztitik gehien gustatzen zaidan tokia? Dena; Olatzagutiatik dena gustatzen zait. Urte asko daramatzat hemen, eta herri osoa dut gustoko". Herri lasaia delako gustatzen zaiola esan du Ahlamek. "Nire senarrari ere asko gustatzen zaio. Haurrak hemen jaio dira, zer esanik ez". Alokatzeko pisu bat bilatzen ari dira, eta gehienak Altsasun aurkitu dituzte: "Baina nik ez dut Altsasura joan nahi, hemen gelditu nahi dut, Olatzagutian". Herritarrekin duen harremana ere goraipatu du, "gurekin hitz egiten dute, kaletik gelditzen gaituzte...". Hala ere, toki guztietan bezala, "denetarik" dagoela gaineratu du. "Baina orokorrean olaztiarrak oso jatorrak dira".

"Parkean haurrak arazorik gabe eta askatasunean jolasten dira"

Herriko toki gogoko bat edo gehien bisitatzen duena aukeratu behar badu, Ahlamek etxe ondoan duen parkea aipatu du. Jubilatuen Elkartearen ondoan dagoen haurrendako eta jubilatuen parkeak dira, eta erdian iturri bat dago. Lau haur ditu, eta bertan asko disfrutatzen dute: "Haurrekin gehienetan parkera joaten naiz; bertan arazorik gabe eta askatasunean jolasten dira, oso gustura ibiltzen dira".