Akelarre ludotekan izena emateko aukera

Guaixe 2023ko ira. 18a, 11:20

Akelarre ludotekan dena prest dago haurrak hartzeko. ARTXIBOA

Matrikulazioa irailaren 28ra arte udaletxea egin daiteke, 10:00etatik 14:00etara, izena emateko fitxa osatuz edo olazti@olazti.com helbidera fitxa bidaliz. Ordainagiria fitxarekin batera eraman edo bidali beharko da. Lastailaren 16an abiatuko du Akelarre udal ludotekak ikasturtea

Olatzagutiko Udalak jakinarazi du Akelarre udal ludotekan izena emateko epea zabaldu duela. Izena emateko udaletxean edo olazti.eus webgunean dagoen matrikula fitxa bete beharko dute. Horrekin batera, ikasturteagatik 5 euro ordaindu beharko dituzte familiek, 8 euro bi anai-arreba edo gehiago izena ematen badute ludotekan. Tarifa ordaintzetik salbuetsita egongo dira, Udalak berariaz hala eskatuta, beren prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek horretarako emandako txostenaren bidez. Behin jarduera hasita, udalak ez du dirurik itzuliko. Bestalde, izen emate epea bukatuta, baldin eta plaza libreak baleude, inskripzioak ikasturtean zehar onartuko lituzke, baina ordaindu beharrekoa kopuru bera izanen da. 

Antolaketari dagokionez, izena emandakoak bi adin taldetan banatuko dituzte: 2016 eta 2019 urteen artean jaiotakoak, eta 2015 eta aurretik jaiotakoak; ez da gehienezko adinik jarri. Udalak gaztigatu duenez, banaketa hori orientagarria eta beharren arabera moldagarria da. Saioei dagokienez, astelehenetan eta ostegunetan, 16:30etik 18:00etara, haur koxkorrenendako izanen da ludoteka. Bestalde, asteazkenetan, 15:15etik 16:15era, psikomotrizitatea dantzari aplikatuta saioak izanen dira haur txikienendako, eta 16:15etik 17:00etara dantza Modernoaren hastapeneko saioak haur handienendako. Saio bakoitzean 15 plaza izanen dira. Udalak jakinarazi dunez, “hezkuntza premia berezirik izanez gero, ratioa murriztu ahal izango da, premia mota eta ludotekak egin beharreko proposamena kontuan hartuta”. Izena ematean saio bat edo bi aukeratzeko modua izanen dute familiek. 

Izena ematerakoan kontuan izan beharreko ohar parea egin du udalak. Batetik, umeek esfinterren kontrolean autonomia izan behar dute, autonomia falta hori justifikatzen duten dibertsitate funtzionala duten haurrentzat izan ezik. Bestetik, Olatzagutian erroldatutakoek eta dibortziatutako gurasoen edo antzeko egoeren adingabeek izanen dute lehentasuna izena ematerakoan; baita adingabea Olatzagutiko Udal Erroldan agertzen ez bada legezko zaintza dela-eta, baina bai legezko tutore bat.