Zinema, musika eta magia asteburua Olaztin

Guaixe 2023ko ira. 19a, 08:48

Olaztiko kultur etxeko aretoa. ANTZOKI SAREA

Irailaren 22an, ostirala, 'Irati' euskal filmaren emanaldia izanen da, Olaztiko kultur etxean; 23an, larunbata, 'Artze' jazz eta txalaparta ikuskizuna, eta 24an, igandea, Peio Rivasen magia ikuskizuna izanen da, Olaztin.

Uda amaituta, irailaren 22an, ostirala, Olaztiko kultur etxearen udazkeneko denboraldia hasiko da zinema emanaldiarekin; Irati Paul Urkijoren euskal filma ospetsuaren proiekzioa eginen dute, 19:00etan. Pelikula VIII. mendean kokatzen da. Karlomagnoren armada Pirinioak sarraskitzen ari da, eta aurre egiteko, ibarjaunak laguntza eske jotzen dute bertako jainko zaharrengana. Urte batzuk beranduago Eneko umetako egindako promesa betetzera doa, baina aitaren gorpua eta frankoei hartutako altxorrarekin batera lurperatu zutena desagertzen dira, eta horrek zalantzan jartzen du haiek leinua. Enekok berreskuratu beharko ditu, eta horretarako ezinbestekoa izango du ibarreko gazte pagano baten laguntza, Irati. Filmaren emanaldirako sarrerak aldez aurretik eros daitezke, 3 eurotan, Olaztiko Udaleko webgunean edo egunean bertan, 3,5 eurotan, kultur etxean.

Irailaren 23an, larunbata, 19:00etan, jazzaren inguruan dabilen errepertorio berezia modu berritzaile batean txalaparta, kontrabaxu, akordeoi eta baterarekin jolastua aurkeztuko dute Hutsun eta JEL Trio taldeek Artze musika ikuskizunean. Sarrerak aldez aurretik eros daitezke, 6 eurotan, Olaztiko Udaleko webgunean edo egunean bertan, 8 eurotan, kultur etxean.

Igandean, irailaren 24an, 17:00etan, magia ikuskizuna izanen da Olaztiko kultur etxean: Peio Rivas ilusionistaren Ver para creer ikuskizuna. Portugalgo eta Frantziako Magia Sari Nazionala eta Italiako Magiaren Nazioarteko Jaialadia irabazi ditu Rivasek eta ikuskizunean magia eta musika izanen dira protagonistak. Sarrerak Olaztiko Udaleko webgunean eros daitezke, alde aurretik 3 eurotan, eta egunean bertan 3,5 eurotan.