Urriaren 7an, Urbasako motor festa

Guaixe 2023ko ira. 25a, 11:02

2022ko Urbasako Igoera. ARTXIBOA

Urriaren 7an, larunbata, XLI. Urbasako Igoera antolatu du Sakana Motrosportek. Urbasako portuko errepidea urriaren 6an itxiko dute. Sakanako Motorsporteko Andoni Blas eta Iker Palacios monoplazen Mendi Igoeren Txapelketako buruan, eta puntuak lortzeko lehia izanen da.

Sakanako Motorsportek antolatutako Urgasako Igoeraren 41. edizioa izanen da urriaren 7an, larunbata. Ikuskizuna 13:00etan hasiko da entrenamendu ofizialekin eta segidan lehenengo Manga Ofiziala izanen da. Ondoren, bigarren Manga Ofiziala jokatuko dela. 12:00etatik aurrera autoak ikusgai egonen dira Clinker aurreko pistan. Errepidea urriaren 6tik, ostirala, 19:00etatik aurrera itxita egonen da. Ehun pilotuen muga aspalditik gainditu zen; hogei auto baino gehiago geratu dira erreserban.

Urbasako Igoera lasterketa antolatzeko Sakanako eskuderiak hainbat babesleren laguntza du. Urbasa inguru natural bat dela gogorarazi du antolakuntzak: "Egun polita izango da, eta ikusleei ongi pasatzeko deia egiten diegu, ohiko oharpenak eginez: guztia bildu eta garbi utzi dezatela, eta segurtasuna zaintze aldera soilik zehaztutako eremuetan jar daitezela".

Aitortza
Pantxo Egozkue pilotu nafarrak istripu gogorra izan zuen, bere monoplazarekin Beriaingo industri gunean entrenatzen ari zela eta zainketa Intentsiboetako Unitatean jarraitzen du, larri baino egonkor. Pilotua Urbasako Igoeran aritzekoa zen; "berari animoak eman eta nolabaiteko aitortza egiteko, Urbasako Igoerako lehen zenbakia edo 1 dortsala hutsik uztea erabaki dugu, 1 dortsalak bere izena ematea. Onena opa diogu" azaldu du Sakana Motorsporteko Haizea Galarzak.

Blas vs Palacios
Azken orduko aldaketarik ez badago, zortzi pilotu sakandar lehiatuko dira: Andoni Blas, Iker Palacios, Delfin Goikoetxea, Ander Gurmindo, Arkaitz Irigoien, Asier Juanez, Eneriz Besga, Iñaki Verdud eta Mikel Mendinueta. Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarrak ez du parte hartuko, azken hamalau edizioetan aritu eta gero.