Sukaldaritza ikuskizuna Olatzagutian

Guaixe 2023ko ira. 29a, 11:16

Antolatzaile eta parte hartzaile batzuk aurkezpenean. UTZITAKOA

Historia Memoriaren plazan izanen da domekan, 10:00etatik aurrera. Eguraldiak lagunduko ez balu, Erburua kiroldegiak hartuko lituzke Munduko Arrozak.

Bost sukaldari talde jendaurrean plater bana prestatzen hasiko dira domekan, 10:00etan. Olatzagutiko Historia Memoria parkean izanen da. Handik goiz eta eguerdian pasatzen direnek errezeten osagaiak ikusi eta eltzekoa nola prestatzen den ikusi, usaindu eta galdetzeko aukera izanen dute. Sahara, Errumania, Peru, Ukraina eta Sirian jaiotako sakandarrak izanen dira sukaldariak. Haiekin batera, Sakana Harrera Haranako kideak ere ariko dira jatekoa prestatzen. Guztiek ere lehengai bera izanen dute, Munduko Arrozak ekimenari izena ematen diona. 

Antolatzaileek olaztiarrak parketik pasatzera eta zuzeneko sukaldaritza ikuskizunaz gozatzera gonbidatu dituzte. Herriko aniztasuna islatu, eta, aldi berean, arrozarekin herritarren arteko harremanetarako zubi lana egitea da ekimenaren helburua. Sukaldariek haien lana 13:30erako despedituko dute. Orduan hasiko da dastaketa. Informazio mahaian, euro baten truk, platertxoa, koilara, ahozapia eta sorpresaren bat jasoko dute. Sukaldariez aparte, parkean sentsibilizazio karpa jarriko da, eta zurrumurruen inguruan hausnartzeko edukiak eskainiko zaizkie handik pasatzen direnei. 

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak seigarren aldiz antolatu du ekimena Olatzagutian. Horretan, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen, Olatzagutiko Udalaren eta Sakana Harrera Haranaren laguntza izan du.