Mendi lasterketak

Ingurumen Departamentuagatik aldatu da Olatzagutia-Urbasa

Maider Betelu Ganboa 2023ko ira. 29a, 13:50

Raul Audikana 2022an helmugara iristen.

Olaztiko mendi lasterketa Urbasa Andia Natur Parkeko babes bereziko gunean sartzen zela, eta aurten gune horretatik pasatzeko baimena ukatu zaio Sutegiri. Horregatik, irailaren 30erako "ibilbide berri eta erakargarria" prestatu dute

"Olatzagutia-Urbasa Mendi Lasterketa egungo formatuarekin antolatzen dugun hamabosgarren urtea da aurtengoa. Urtero eskatzen ditugu beharrezko baimenak, Urbasa Andia Natur Parkea baita, eta orain arte onespena jasotzen genuen. Joan zen urtean, ibilbidea baimentzen ziguten azken aldia izango zela esan ziguten Ingurumen Departamentuan, lasterketa Urbasa Andian babes berezia duen gune batzuetatik pasatzen delako, balio ekologiko handiko guneetatik. Horregatik, aurten beste ibilbide bat prestatu behar izan dugu". Sutegi klubeko Fermin Zornozaren hitzak dira horiek. Babes bereziko gune horretan daude, esaterako, Pagadi sorgindua, Tontorraundi... "gune horretako tontorreria guztia, finean. Gure ingurunea babesteko borondatea izan dugu beti, eta hala egin dugu".

Horrela, antolakuntzak 17,2 km eta 920 m desnibel + duen ibilbide berria prestatu du. "Ez da horren gora igotzen. Adibidez, Tontorraundi puntara igo beharrean, proba metro batzuk beheragotik pasatzen da. Halako moldaketak egin ditugu. Basozainarekin bildu nintzen, eta haren onespena jaso eta gero Ingurumen Departamentuan baimena eskatu genuen. Ongi ikusi zuten, eta aurrera". Lasterketa antolatzeko eskatu behar diren baimenak eta bete beharreko protokoloak "itzelak dira, askotan gogogabetzeko modukoak, baina ez dago besterik".

Herrikoia izatea 
Ibilbidearen mapa eta informazio Olatzagutia Urbasa Mendi Lasterketaren webgunean dago ikusgai. "Guztiaren gainetik, gure probak lasterketa herrikoia izan nahi du, bertakoek korrika egiten segi dezaten. Izar handiak etortzen ziren urteak aspaldi pasa ziren. Aurten, 100 korrikalari inguruk eman dute izena eta oso kontentu gaude". 

Zornozak azaldu duenez, 70 boluntario inguru ariko dira lanean, eta beraiendako esker oneko hitzak ditu. Lasterketa 10:00etan aterako da San Miguel plazatik, eta juniorren lasterketa ere izanen da. Gainsol, Txondorren bidea, Zelai Haundi, Larrakarte, Morterutxo... paraje zoragarrietatik pasatzen da proba. "Azkarrenak ordu eta 20-30 minututan iritsiko dira. Proba jokatzen den bitartean txikienendako lasterketak izango dira Olaztin".