Automobilismoa

Urbasako Igoerarako azken lanak lotzen

Guaixe 2023ko urr. 3a, 11:25

Urbasako Igoerak lan handia du atzean.

Sakana Motorsport eskuderiak urriaren 7ko Urbasako Igoerarako komisarioak eta garbiketarako boluntarioak behar ditu.

Urriaren 7an, larunbata, jokatuko da 41. Urbasako Igoera, eta Sakana Motorsport eskuderia sakandarrarendako lan egun handiak dira hauek. Juntak hamabi kide inguru ditu, eta apirilaren 22an Olazti-Urbasa Rallysprinta bukatu bezain pronto, Urbasako Igoerarekin buru belarri hasi ziren. "Data urtea hasi baino lehen jartzen dugu, Nafarroako Automobilismo Federazioak ilbeltzean urteko egitaraua argitaratzen baitu" azaldu du Sakana Motorsporteko Iranzu Razkinek. 

Urbasako Igoeraren atzean lan handia dago. "Urbasako lasterketako dokumentazio guztia prestatu behar da, Olaztiko udalean, Nafarroako Gobernuan, Foruzaingoan eta bestelakoetan baimen eskaera ugari egin. Aldi berean, babesleak lotu behar dira, igoerako kartela irailean kaleratzen dugulako. Eta bestelako lanak aurreratu: aseguruak kontratatu, edukiontziak eskatu, pilotuen izena ematea ireki, segurtasun araudiak bete... 

Ardurak juntako kideen artean banatzen dituzte. "Nik, bestelako lanen artean, Sare Sozialen ardura dut. Instagramen eta Facebooken eskuderiako albisteak eta informazioa kaleratzen dugu, eta aurten gure pilotuen lasterketen berri ematen hasi gara". 

Azken asteko erronkak
Segurtasuna eta ingurumena dira euren kezka nagusiak. "Urbasa Andia Natur Parkea da, eta guztia garbi-garbi utzi beharra dago. Aurten Saray elkarteak egingo du garbiketa, eta boluntarioak behar ditu. Bestalde, segurtasunerako zirkuitu guztia markatuko dugu eta zenbait gune hesitu, ikusleak bertan ez sartzeko. Lan handia da, eskerrak boluntarioak hurbiltzen zaizkigun". Komisarioak lortzea, hori da beste erronka. "30 inguru behar dira, ea jendea animatzen den" eskatu du Razkinek. 

Edozein izan daiteke komisario
Urbasako igoerako zirkuitua hainbat puntu edo postutan banatzen da, eta puntu bakoitzean komisarioak egon behar dira. "Komisarioak lasterketako zuzendariaren begiak dira. Igoera hasi baino lehen zuzendariak komisario guztiak biltzen ditu, eta egin beharreko ildoak azaltzen dizkie: puntu bakoitzean ikusleak non jarri behar diren eta non ez; matxura edo istripu kasuetan pilotua lagundu, bandera horia atera eta walkietatik abisua eman behar dutela, zuzendariak igoera gelditzeko edo ez, eta halakoak". 

Edonor izan daiteke komisario, eta Sakana Motorsportetik sakandarrak animatu dituzte. "30 pertsona inguru behar dira, ea egunotan lortzen dugun".