Astekaria

"Ezkil errepika oso polita da; ezin da ohitura galdu"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urr. 4a, 13:59

Max Spinu Olaztiko elizako kanpai dorrean.

Hamahiru urterekin Moldavian jaiotako Max Spinu olaztiarra Nafarroako ezkil jole gazteenetarikoa eta etorkizuna da.

Duela lau urte igo zen lehenengo aldiz eliz dorrera, Anjel Herrera ezkil joleak gonbidatuta, eta dagoeneko elizaren giltzak ditu.

1. Noiz hasi zinen ezkilak jotzen? 
Duela lau urte; bederatzi urterekin hasi nintzen. Bederatzi urterekin ez nengoen Kanpaizaindarien Elkartearen barruan, oraindik ez nuelako asegurua oso gazte nintzelako. Asegurua eta abar lortu nuenean elkartean sartu nintzen. 

2. Nola eta zergatik hasi zinen? 
Amak taberna bat dauka eta bertan egoten nintzen. Egun batean Anjel agertu zen eta esan zidan ea nahi nuen kanpai dorrera igo, eliza eta dorrea erakutsiko zizkidala. Baietz esan nion igandea zenez ez nuelako ezer egiteko eta beste denbora pasa bat bezala ikus nuen, etorri nintzen, dena ikusi nuen eta oso polita iruditu zitzaidan. Probatzea erabaki nuen. Angelika jotzen hasi nintzen, txikia. Txikia nintzenez ezin nituen handiak jo. Angelikak deitzen dira garai batean haur asko hiltzen zirelako, eta ezkil hauek jotzen ziren haur horiek aingeru bihurtzen zirelaren seinale. 


Max Spinu eta Anjel Herrera Olaztiko ezkila joleak.

3. Nortzuk igotzen zarete?
Garai hartan beste gizon bat etortzen zen, baina gaixoa hil zen eta igotzen zen beste batek, Orestesek, belauneko mina du eta ezin ditu dorreko 70 eskailera baino gehiago igo. Beraz, oraintxe bertan Anjel, ni eta aurten etortzen hasi diren hamalau eta hamabost urteko beste bi gazte gaude. 

4. Gazteak etortzera animatu dituzu? 
Bai, animatu ditut. Gu jotzen ari gara orain. 

5. Noiz hasi zinen ezkil handiak jotzen? 
Ezkil txikienetik hasi nintzen, gero pixka bat handiago dena jotzera pasa nintzen eta duela pare bat urte handiak jotzen hasi nintzen. Handiak jotzeko beheruntz egin behar da eta gehiago kostatzen da. Aurretik probatu izan nuen, baina oso pisutsuak dira eta ezin nuen.

6. Nola ikasi duzu? 
Kanpai joleek asko lagundu zidaten. Fisika kontua ere bada. Txikiak jotzeko, adibidez, badakizu bat aurrera jotzen dela eta bestea atzera, orduan, pentsatu behar duzu nola arrankatu bueltak ematen hasteko. Arrankatzeko ezkila makurtuta egon behar dela azaldu zidaten eta horrela erraz eman niezaiokela buelta, eta geroz eta urrutiago egon orduan eta errazago izango zela. Aholku txikiak ematen zizkidaten, eta pixkanaka jotzen ikasten joan naiz. 

7. Melodiak ere ikasi dituzu? 
Ez ditugu partiturak erabiltzen, azkenean, soinura ohitzea da, eta gero bertsioak egiten joaten zara. Belarria da, ezin da nota batekin ordezkatu. 

8. Noiz egiten duzue ezkil errepika?
Errepikea igandero meza dagoenean eta herrian festak daudenean. Norbait hiltzen denean ere heriotz errepikea jotzen dugu. Desberdina da. Gizonezkoa eta emakumezkoa direnean desberdintzen irakatsi zidan Anjelek ere. 

9. Zergatik gustatzen zaizu? 
Lehenengo inpresioa izan zen zerbait oso polita zela, eta zenbait alditan igo ondoren kanpai joleek jarraitzera animatu ninduten. Mezara joaten hasi nintzen eta meza laguntzaile izan nintzen ere, baina denbora gehiegi eskaintzen zidan eta utzi behar izan nuen. Baina kanpi dorrera igotzen jarraitu nuen, gustatzen zaidalako. Kanpai joleak adinekoak direnez, ez zegoen jende gaztea. Animatu nintzen eta pixkanaka gazteak animatzen joan naiz. Bestela, ohitura galtzen da eta kanpai automatikoekin geldituko gara. Politagoa da eskuz jotzea. Nire ideia da jarraitzea eta jende gehiago ekartzea. Bestela, galduko da.

10. Sakrifizioa bada?
Ez dut zeregin oso handi bat bezala ikusten. Kontrakoa. Festa bat dagoela eta jo behar dudala esaten didatenean, esaten dut: "Zeinen ongi, ze gogoa igotzeko!". Oso polita da, momentua itxoiten ari naiz.

11. Kanpoan jo izan duzue ere, ezta?
Ziordiko festetan egon ginen, Ilarduira joango gara... Ikasturtean zehar klaseak ditudanez ezin naiz toki guztitara joan. Adibidez, San Migel egunean (irailaren 29an) goizez errepike bat egin behar zuten eta nik ezin nuenez goizez, arratsaldean etorri nintzen.