Liburutegietan "fondoak" daude, hau da, liburuez ostatutako apalak alfabetikoki antolatuta, eta gero interes guneak daude; gai baten inguruan liburuzainek osatzen dituzten txokoak. Olatzagutiko liburutegian, une honetan, bi interes gune daude, Rosa Iriarte Olaztiko liburuzainak azaldu duenez. Harrera mahaiaren ondoan dagoena feminismoaren ingurukoa da, Lisipe bildumaren liburuekin, eta sarreraren ondoan dagoen mahaian azelga, babarrun eta abarren haziak dituzten ontziak daude, "eta hazien, baratzeen eta abarren inguruko bibliografia zehatza dago, baita politikoagoa diren batzuk ere, hazien mundutik eratorri daitezkeen bestelako irakurketak". Olaztiko liburutegia Nafarroako Liburutegien Sareak sortutako Hazien liburutegiak programan sartu da eta, besteak beste, haziak maileguan hartzeko aukera ematen du. Proiektuan sartu den Sakanako liburutegi bakarra da.
Hazien liburutegia
"Proiektua ez du Nafarroako Liburutegien Sareak asmatu. Hego Amerikatik dator, bereziki Brasilen hazien inguruko mugimendu oso handi bat dagoelako". Ondoren, proiektua Amerikako Estatu Batuetan garatu zuten eta Europara iritsi zen ere. Gertuko proiektuak Zaragozako Almuniako Doña Godinako eta Unibertsitate Politeknikoko liburutegien esperientziak dira.
"Kultura ez da liburutegietan biltzen bakarrik, guk kultura sor dezakegu ere"
Hazien liburutegiak proiektuaren oinarrian dago liburutegi bat ez dela bakarrik liburuak, aldizkariak, DVDak eta abarrak maileguan jartzeko espazio bat, "azken urteetan sareak ebiblio eta efilm bidez mailegu digitalak eskaintzen ditu ere", baizik eta "kultura demokratizatzeko" espazio gisa ulertu behar dira; ikuspuntua zabaltzen da. "Dohainik eskaintzen den zerbitzu bat, kultura herritar guztiei eskaintzeko, eta kultura ez bakarrik liburuetan bildu daitekeen zerbaiten modura ulertuta, guk ere sor dezakegu kultura". Filosofia horretatik abiatuta Nafarroan haziei, baratzei eta lurrari lotutako kultura handia zegoela konturatu ziren, "eta guk ondasun inmaterial hori berreskuratu nahi dugu". Liburutegiek ere dokumentazioa biltzeko, bermatzeko, zaintzeko eta hedatzeko ardura dute.
"Haziak, ondasun inmaterial hori, berreskuratu eta mantendu nahi dugu ere"
Liburuekin, aldizkariekin edo DVDekin egiten den bezala, Hazien liburutegian ere haziak har daitezke "maileguan": "Logika litzateke haziak eraman ditzakezula dohainik, erein egiten dituzu, zortearekin landarea hazten da eta hartutako materialak bezala itzuli behar direla, ideia izango zen haziak bueltatzea ere". "Zaila" dela jakin arren, proiektuaren helburua da bertako haziak lortzea: "Hartutako haziekin Olaztin tomate goxoak lortzen baditut, hazi horiek gero bueltatzen badira, Caparrosoko liburutegian ere hartzeko aukera izan dezakete". Olaztiko liburutegian 25 hazi dituen armairu bat dago, maileguan daudenak. Haziak Nafarroako Hazien Sarearen donazioak dira. Besteak beste, Bakaikuko eta Lakuntzako haziak daude.
"Hazien liburutegien mapa osatu zen, eta ahalik eta geografikoki sare handiena lortu nahi zen". Mendialdean bakarrik Olazti eta Leitza dago, eta Iruñerrian eta Erriberan biltzen dira Hazien liburutegi gehienak. "Saretik animatzen gintuzten proiektuan sartzeko, eta justu Olaztin hasi nintzenean proiektu hau garatzen hasi zen, eta pentsatu nuen Sakanan ere baratzekiko eta lurrarekiko kultura zegoela, eta ongi egongo zela gutxienez liburutegi bat egotea", azaldu du Iriartek. Liburutegi Sareko edozein pertsonak har ditzake haziak maileguan, liburuekin gertatzen den bezala.
Proiektuaren barruan Mintegi bloga ere sortu dute. Bertan hazien inguruko kultura "mantendu eta zabaldu" nahi da. "Gure ahaztutako ahotsen hazitegia deitzen diote, eta baratzei, eguraldiari, hilabeteei eta abarri lotutako esamoldeak eta esaerak jasotzea du helburu". Horren inguruko esamolde "pila bat" dago, kultur handi bat dago, esaterako, Azaroa lohitsu urtea garitsu: "Agian badago Olaztin edo Lakuntzan bertako esamolde bat eta jakintza hori mantentzeko modu bat da. Bakoitzak dakiena eman dezake".
Hazien kultura sustatu nahian Olaztiko liburutegian ere ekimenak antolatu ditu Iriartek. Urriaren 4an, asteazkenean, Ines Bengoak Amaia eta Amaia eta Martin barazkien jaia kamishibai kontaketa egin zuen eta urriaren 26an, osteguna, Atrapavientos. Plantadores de historias tailerra izanen da, 17:00etan, liburutegian. "Zaragozatik datorren elkarte batek emanen du, eta hitz gehiago sortzeko hitzak landatu daitezkeen ideiaren ingurukoa da tailerra.
Mende erdia
Hazien liburutegia proiektuak ia bat egiten du Olaztiko liburutegiaren 50. urteurrenarekin. Atzera eginez, Nafarroako lehenengo liburutegiak Altsasu eta Miranda de Argakoak izan ziren, duela 70 bat urte. Ondoren, 1950ean Nafarroako Liburutegi Legea sortu zuten eta 1.500 biztanle baino gehiagoko herrietan liburutegi bat izateko beharra onartu zen. 1952. urtean Olaztiko liburutegia sortu zuten, "udalak ere ekonomikoki aukera ikusiko zuen". Liburutegia Nafarroako Gobernukoa da, baina egoitza udalarena da. Hiru egoitza izan ditu Olaztiko liburutegiak, eta oraingoa, kultur etxearen goiko solairuan dagoena, 2000. hamarkadaren hasieran ireki zuten.
50. urteurrena modu xumean ospatu zuten. Olaztiko eskolako ikasle guztiak liburutegitik pasa ziren eta kultur etxearen atarian, kanpoko aldean, maileguan hartutako materialak itzultzeko postontzia jarri zuten. "Egia esan udalarendako inbertsio nahiko handia izan zen bereziki horretarako egin zutelako Kataluniako enpresa batean". Bestetik, liburutegia ireki eta ia hogei urte beranduago plaka jarri zuten. Logoan ere ikutu txiki bat egin zioten urteurrenari.
Udazkena liburutegiaren sasoi nagusia izaten da. "Ikasturtea hasten denean ikasleak gogo eta ilusio gehiago dute-edo". Eguraldiak ere asko markatzen du, "telebista kasko inalanbrikoekin ikusteko aukera dago, liburutegi guztietan ez dagoena, eta gazte eta haur pila bat etortzen dira". Liburuei dagokienez "gehienbat" nobela beltza irakurtzen dute olaztiarrek, eta "gehien-gehiena" gaztelaniaz.