Astekaria

"Mito bat da suizidioa ezin dela prebenitu"

Guaixe 2023ko urr. 26a, 13:30

Iratxe Etxenike Sarratea. UTZITAKOA

Olatzagutiko Gazte Asanbladak antolatuta, suizidioari buruzko hitzaldia eman zuen Maisuenea gaztetxean lastailaren 15ean, igande arratsaldean. Iratxe Etxenike Sarratea psikologoa eta Biziraun elkarteko kidea izan zen hizlaria. 

Biziraun elkartean ekitaldietara, elkarteetara, gaztetxeetara hitzaldiak ematera joateko eskaerak jasotzen ditu. Olatzagutiko Gazte Asanbladarena izan zen haietako bat. Iganderako hitzartu zuten. “Gai nahikoa indartsua, behar ugari duen gaia. Gazte olaztiarrei esker, izan zuten adorearengatik landutako gaia”. Hitzaldian 30 bat pertsona baino gehiago bildu ziren, eta giroa oso polita izan zen. Adin tarte desberdineko jendea izan zen. Ez zeuden gazteak bakarrik, baziren maisuak, gurasoak... 

Suizidioari buruzko hitzaldia antolatzea suizidioak gazteen artean kezka sortzen duenaren seinalea da? 
Bai. Nik kezka, interesa eta garrantzia esanen nuke. Ez da bakarrik suizidioaren gaia, baizik eta suizidioaren atzean dagoen guztia, adimen osasunetik hasita. Sufrimenduaren inguruan ere asko hitz egin genuen igandean. Olatzagutiko gaztetxetik gurekin harremanetan jartzeak ematen du aditzera adimen osasunaren inguruko nolabaiteko kezka dagoela herrian eta inguruan. Eta norbait ekartzeko ausardia hori izatea eta gaia lantzea ekintza nahiko positiboa iruditzen zait, ekarpen handia egiten duena. 

Gizarteak heriotzari ezikusiarena egiten dio?
Bai, heriotza mota guztiei. Eta, bereziki, suizidioaren gaian estigma handia daukagu; bai gerora gelditzen den erruduntasunarengatik, bai gerora gelditzen diren galdera guztiengatik... Eta ez heriotza bakarrik, baizik eta sufrimendua orokorrean. Eta beti lotu izan dugu heriotza zuzen-zuzenean sufrimenduarekin. Gainera, suizidioa egiazkoa baldin bada, hor gelditzen den hutsunea ikaragarria da.

Heriotza baztertuta izateak heriotzaren bat iristean gehiago sufritzea ekar diezaguke? 
Heriotzaren inguruan hitz egitean eta gai horiek lantzean, iruditzen zait bizitzaren aldera hurbilpena egiten dugula. Hau da, zeinen garrantzitsua den gizartean ere sufrimenduan eta heriotzaren inguruan hizketatzea. Azkenean, bizitzak inplikatzen duen gauza da. Edozein pertsona jaiotzen dela ere, horrek suposatzen diona da bizitza honetan sufritu egin behar duela, sufritzen ikasi behar du. Eta beti hor egonen da heriotza. Orduan zenbat eta naturaltasun handiagoarekin jokatu, eta errealitate horretara hurbildu, beste modu batez bizitzen ikasten dugu. 

Suizidioaren prebentzioa landu daiteke? 
Bai. Hitzaldiaren zati handi bat izan zen suizidioaren inguruko mito ohikoenei buruzkoa, esaterako, hil nahi duenak ez du esaten. Nahiko hedatua dagoen mitoetako bat da suizidioa ezin dela prebenitu. Ez da horrela. Igandean gai horri ahotsa emateko baliatu genuen eta erakutsi genuen baietz, prebenitu daitekeela. Errealitatean, gauzak diren bezala, %100ak ezin ditugu prebenitu, baina bai prebenitu daitekeela. Ikasi beharra duguna da zer arrisku faktore egon daitezkeen, zer babes faktore indartu behar diren. Eta gizarteari kritika bat eginez, ikasi behar dugu ez garela inor epaitzeko bestea bizitzen ari dena, edo dituen problemak. Gu ez gara inor besteen sufrimenduak kritikatzen egoteko. 

Nola egiten da suizidioaren prebentzioa? 
Guk gomendatzen dugun gauzetako bat izan ohi da jendea hizketatzera animatzea. Baina hizketatzera animatu aurretik suizidioaren errealitatearen atzean zer dagoen pixka bat jakin. Esaterako, arrisku faktoreak. Guk beti lotu behar dugu suizidioaren errealitatea sufrimendu iturri indartsu batekin. Zergatik sufri dezake pertsona batek? Horrenbeste gauzengatik sufri daiteke... Arrisku faktoreen artean sartu daitezke, esaterako, bikote haustura, norbaiten heriotza, estres handia lanean, familian... Arrisku faktoreak anitzak izan daitezke. Babes faktoreak beste hainbeste izan daitezke. Eta guk horiek sustatzen jakin behar dugu: lagun talde ona izatea, gure sufrimendua edo egonezina utzi dezakegun gune bat izatea... Ikasi beharra dugu zein diren kutsu negatibo horiek, txikitzen saiatzeko, eta zein diren alderdi positibo horiek, sustatzeko. Betiere, kontuan hartuta zeinen positiboa den hizketatzea. Eta hitz egitekotan bihotzez eta laguntzeko nahiarekin egin behar dugu. Ezin dugu morbora jo eta morbo hutsagatik galdetu, eta guk nahi dugun erantzuna dugunean alde egin. Sentsibilitate horrekin jokatu behar dugu prebentzioan. 

Gaur egungo gizartean dena da azkartasunak, presa. Martxa handia jartzen diogu geure buruari, gure gorputzari. Sare sozialak ere hor daude. Bakartuta bizitzea. Horrek guztiak dakarren bizimoduak. Arriskua besterik ez dut ikusten.
Bizimodu gero eta azkarragoa, horrek inplikatzen duen estres guztia, dena bukatu nahi izatea. Gero ere ikusten duten beste alderdi txar bat da nahiko gizarte konpetitiboa dela; akademikotik hasita, zeinen inportantea den nota onak eskuratzea, gero Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioan nahi nizun graduan sartzeko. Nahiko konpetitiboa eta nahikoa indibiduala da gizartea. Sare sozialekin, berdin. Nolabaiteko ispilu bat zeinetan erakutsi nahi dugun ederrenak, politenak garela, lagun asko ditugula... Eta gero, errealitatean, ez dugu erakusteko bat ere. Iruditzen zait bizi garela itxura eta azal bat erakusten. Baina, bestalde, positiboa iruditzen zait sumatzea gazteak gero eta sentikorragoak direla. Eta sentiberatasun hori beraien osasunerako ere badute. Esaterako, Olatzagutira joateko gazteek hots egin izana, nahiko seinale positiboa da. Kezkatuta egonen dira, baina haiek beren borondatez mugitu dira. Beharra ikusi dute eta behar hori asetzeko prest daude. Gero sare sozialak, esandakoa, badu bere alde txarra, baina baita ere baditu bere alderdi positiboak. Egiten al diren aktibismo positibo horiek guztiak. Nahiko beltza da, baina baditu bere dirdira edo argitasun puntuak. Eta horiek dira indartu beharrekoak. 

Argi izpi horietako bat izan daiteke Olatzagutiko kasuan mito, estigma edo tabu batzuk erortzen direla.
Bai. Egin zuten pausorik handiena gaiaren inguruan hizketatzea izan zen. Elkarte, gaztetxe edo ikastetxeak animatzen ditut halako gai indartsuak lantzera. Mitoei dagokionez, isiltasunak ez du onurarik ekartzen. Isiltasunak askoz ere min handiagoa sor dezake, eta min hori luzarazi dezake. Olatzagutiko gazteek eman zuten pausua da isiltasun hori hautsi eta errealitate honi ahotsa eman. Denok ongi asko dakigu errealitate hau guk uste baino hurbilago dagoela, eta behar handia dagoela gaia lantzeko. Iradokitzea, ausardia, atea irekitzea, nahiko positiboa da. 

Suizidio baten ondorengorako aholkurik badago? 
Guk ematen dugun gomendio handiena hizketatzera animatzea da. Baina, betiere, bihotzez. Lehen esan bezala, morboa alde batera utziz. Egiatan erakutsi pareko kide, inguruko edo senide horrekiko duzun egiazko kezka. Bidelagun rola hartu. Guk ez dugu inoren bizitza %100ean salbatuko, baina, esaterako, sufritzen ari den pertsona bati egun batez eguna arintzen laguntzen badiogu, bidelagun rol hori betetzeko nahikoa lan bada. Ez dago errezeta edo esaldi magikorik. Pertsona bakoitza mundu bat da eta pertsona bakoitza tratatzeko modua desberdina da. Horrekin ere jokatu beharra dugu. Azkenean, norberak badaki norekin tratatzen ari den; bi pertsonek ez dute berdin erreakzionatuko. Beti nabari da pertsona bat zein asmorekin hurbiltzen zaizun. Sen onaz eta pazientziaz egiten baduzu, denbora eskainiz, gauza handiak lortu daitezke. 

Suizidioaren ondoren saiatzen gara seinaleren bat topatzen, horrelako seinalerik badago? 
Aita duela hiru urte hil zen. Pasatzen dena pasatzen dela, atzera bueltarik ez du. Zu atzera begira jartzen zara eta gero eta gauza gehiago ikusten hasten zara. Aita hil zela, bere ingurukoak hurbiltzen ziren eta galdetzen zuten: “ez al zenuten deus ere sumatzen?” Normalean halako galderak askotan min egiten dute. Nahiko gai zaila izaten da, azken finean, lotuta dago erruduntasunarekin. Pentsatu, esaterako, atzera begiratu eta: “jo, egia da, hau zuen, hau zuen, hau zuen... eta ni ez naiz ohartu, ez dut nola jokatu asmatu”. Erruduntasunarekin dago lotuta hori.

Beharbada norberaren burua alferrik zigortzeko?
Garbi eduki beharra dugu norberaren epailerik okerrena norberaren burua dela, norbera. Nahiz eta pertsona baten bizitza gure eskutan %100ean ez egon, halako gauza bat pasatzen denean, badago ikaragarrizko tendentzia zigorra hartu eta norberaren buruaren kontra jotzeko. Askotan ematen du ingurukoek ere epaitzen zaituztela: “ez al zenuten nabaritu, ez al zenuten ezer egin, ez al zenuten medikura eraman...” Zaildu egiten du. Norberak bere burua zigortzen du, eta kanpotik ere bai. 

Min horrekin zer egin behar da?
Halako gertakari bat pasatzean, askotan, niri ere pasa zitzaidan, bakarra sentitzen zara. Bakarra eta bakarrik sentitzen zara. Ez zaizu iruditzen zu bezalako beste inor badenik ere, zaila egiten zaizu zu bezalako beste norbaiti erreparatzea. Zeren eta kontuan eduki beharra dugu gai honek bere tabua, bere estigma duela. Ez da ohikoa egunerokotasunean hizketatzea. Orduan, zuri pasatzen zaizunean, iruditzen zaizu zu bakarrik zarela, ez zaiola inori gehiagori pasa. Ni Biziraun elkartera joan nintzen aita hil eta hiru hilabetetara. 

Zer eskaini zizun elkarteak? 
Duda askorekin sartu nintzen, ez bainekien oso ongi non ari nintzen sartzen. Suizidio bidez hurbileko norbait galdu zuten pertsonei sostengua emateko sortu zen elkartea. Bat etor nintekeela ikusi nuen, eta animatu nintzen. Elkartearen ekintza ohikoena da hilabetean behin egiten diren bilerak. Senideren edo ingurukoren bat suizidio bidez galdu dugunak elkartzen gara eta gaiaren inguruan hizketatzen gara. Beti gaiak aldatzen dira. Esaterako, abenduan elkartzen garenean eguberriak nola pasa behar ditugun, zerbait aldatuko dugun... Elkar laguntzeko eta aditzeko. Elkar laguntza taldeak izena dute. 

Antzeko bizipenak izanda, elkarrekiko ulermena handia izanen da, ezta?
Bai, ikaragarria. Askotan taldean aipatu izan dugu. Badira gauza asko zuk gizartean, edozeinen aurrean, esan ezin dituzunak, baina elkartean esan ditzakezu. Elkarteko kideek antzeko zerbait bizi izan dute eta badakizu ez zaituztela epaituko. Hau da, barrua mugiarazten didan zerbait gizartean esaten badut, beharbada, halako “belarriko mina” sortzen du. Gauza bera elkartean esanez gero, badakit erabat normala izanen dela, eta ez dudala epairik jasoko. Azkenean, toki segurua da, zeinetan zuk zure barne mundu hori filtrorik gabe hustu dezakezun. Lagunekin gaiaren inguruan hizketatu zaitezke, baina, beharbada filtro batzuk jartzen dituzu. 

Aurrera egiteko makulu bat? 
Bai. Biziraun elkartea. Nafarroan ere badago Besarkada elkartea. Azkenean, bidelagunak dira. Hasieran pentsatzen duzu munduko bakarra zarela, ez zaiola inori pasa, zuri bai. Ez dakizu zer egin, ez dakizu nora jo. Halako elkarte batean hasten zara pentsatzen: “ez naiz bakarra, ez zait niri bakarrik pasa. Askoz jende gehiago dago”. Ni sartu berri nintzela, taldean aspaldi zegoen jendea zegoen. Asko laguntzen du gaur egun haiek nola dauden ikusteak; garapen hori zeinen positiboa den, nola aurre egin diezaiokezun gertakari honi. Azkenean, indartzen zaitu. Positibotasun kutsu hori elkarren artean sustatzen da. 

Suizidioaren aurrean hedabideek nola jokatu behar dugu?
Morbora ez jo. Metodoak ere ez dira aipatu behar. Gomendagarria da gaiaz hizketatzea. Betiere, kontuan hartu behar da gai honekiko zein den gure helburua: gure helburua da ale gehiago saltzea? Beraz, morbo gehiago sortu behar dugu? Eta morbo gehiago sortuta, familiari min egin behar diogu? Hori ez bada gure asmoa, saiatu behar dugu zerbait hezitzailea sortzen. Esaterako, famatu batena gertatzen delarik, gaia landu, aipatu suizidio bidez hil dela. Baina ez dugu sartu beharrik zer metodo izan den, zeinek aurkitu duen eta antzekoak. Buelta eman eta perspektiba hezitzaileago eta eraikitzaileago batetik landu behar da, eta prebentzio kutsua sar badaiteke, sartu. Halako gertaera negatibo batetik mezu positiboa eman behar da. 

Suizidio bat izaten denean, gizarteak nola erantzun beharko luke? 
Herri txikietan, denak elkar ezagutzen dugu. Eta halakoak azkar asko zabaltzen dira; pasa bada, ordu erdira denek dakite. Errespetuz jokatu beharko genuke, morbora jo gabe. Esaterako, niri batere onik egin ez zidaten ingurukoen galdera batzuk egon ziren. Esate baterako: zehazki nola hil da? Zeinek artatu du? Ez al zenuten ezer ere sumatu? Halakoak izaten dira. Askotan positiboagoa da hurbildu nahi duenak senide horrengana hurbiltzea, besarkada ematea eta hor egotea. “Zerbait esan beharra diot. Ezin dut isilik egon”. Presio hori ere badago, isiltasun horri zer beldur diogun. Baina kasu hauetan, askotan, ez beti, eman nahi den mezuaren arabera, isilik egonda, askoz hobeto. Gure esperientzia propioa: kristoren zaplastekoa da, herria izoztuta gelditzen da. Guregana zerbait esatera hurbildu zirenak, guztiz positiboa, nahiko goxoa izan zen, eta hurbiltasun handia sortu zen. 

Suizidioaz gero eta gehiago hitz egiten da. Nola edo hala lehen lerrora etortzen ari da?
Bai. Eta beharrezkoa da. Urte luzez tapatuta egon da. Lehen, eta orain ere, askotan etxean pasatzen diren gauza horiek kanpoan ez dituzu kontatzen: "hau etxeko kontua da eta ez dugu zabaldu behar". Sufrimendu gaiak eta gogorrak direnak, lehen nahiago zuten tapatzea, aurpegi ederra erakutsi eta aitzina tira; sufrimendua norberak jan. Azkenean, gaizki bukatzen zen, eta da. Lehen lerrora ekartzea oso positiboa eta beharrezkoa da. Nolabait, gizartea kontzientzia hartzen ari da, ikusten du zein gai garrantzitsua den. Eta baita ere ikusten du zer-nolako kalteak sortzen dituen gai hori ez lantzeak.