Astekaria

Olatzagutia, zinema herria

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko aza. 8a, 12:02

'Última visita' film laburraren grabazioa Olatzagutian; Daniel Bengoechea altsasuarra kamerarekin eszena bat grabatzen. UTZITAKOA

'Navarra, Tierra de Cine' Film Laburren Jaialdian parte hartu du Burundako herriak, eta aurreko asteburuan Imanol Reta zinemagileak 'Última visita' film laburra grabatu zuen herrian. Azaroaren 30an aurkeztutako film laburren proiekzioa izanen da.

Olatzagutiak Navarra, Tierra de Cine Film Laburren Jaialdiaren hamaikagarren edizioan parte hartu du, eta urriaren 27an eta 28an zinema plato bat bihurtu zen, Imanol Reta zinemagilearen eta bere lan taldearen Última visita film laburraren grabazioan. Lana postprodukzio fasean dago, eta egileak azaroaren 22an aurkeztu beharko du. Abenduaren 1ean, 19:00etan, herrian grabatutako film laburra eta festibalean parte hartu duten beste bederatzi lanen proiekzioa izanen da, Olatzagutiko kultur etxean. Aurkezpenean Reta izanen da. 

Navarra, Tierra de Cine jaialdia herrialdearen turismoa sustatzeko jaialdi bat da. Bi helburu ditu: fikzioaren bidez eta formatu zinematografikoan Nafarroako turismoa sustatzea eta, bestetik, Nafarroa zinema plato bezala bultzatzea, bertako ondare historiko eta kulturala eta naturalaren aniztasuna bultzatuz. Nafarroako Gobernuko Turismo departamentuak eta Navarra Film Commissionek sustatutako ekimena da, Kultura departamentuaren laguntzarekin. 

Film laburren jaialdian hamar herri aurkeztu dira aurten: Viana, Iruñea, Peralta, Allo, Ribaforada, Luzaide, Udax, Argedas eta Olatzagutia. Beste alde batetik, zinemagileek, parte hartzaileek, haien proposamenak eta gidoiak bidaltzen dituzte, eta epaimahaiak aurkeztuko lan guztietatik hamar aukeratu ditu eta herri bat egokitu zaie. Epaimahaia Miguel GomezTejedor gidoilariak eta Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Elkarteko batzordekideak; Patxi Burillo arkitektoak eta zinemagileak; Iñigo Floristan gidoilari, zuzendari eta ekoizleak; Sara Brun kazetaria,idazlea, gidoilaria eta zuzendariak; Angela Mejias Hendaia Film Festivaleko zuzendariak, eta Marcos Perera Navarra, Tierra de Cine Film Laburren Jaialdiko zuzendariak osatzen dute. Film laburrek gehienez hamar minutuko luzera izan behar dute, eta gehienbat herriari emandako ikuspuntua baloratuko du epaimahaiak.

Herria platoa
Olatzagutiko Udalari proiektu "interesgarria" iruditu zitzaion eta parte hartzea erabaki zuen, eta urriaren 27an eta 28an Imanol Reta zinemagilearen bisita eta Última visita film laburraren errodajea hartu zuen. "Oso ongi" joan zela esan dute herriko Kultur zerbitzutik. Reta iritzi berekoa da, eta Olatzagutiaren harrerarekin mirestuta gelditu da.


Imanol Reta eszena bat grabatzen. UTZITAKOA

Retak aspalditik eta ongi ezagutzen du Navarra, Tierra de Cine jaialdia. "Lehiaketa honetan hainbat alditan aktore bezala lan egin dut, eta lau bat gidoi aurkeztu ditut. Harreman estua daukat, modu batera edo bestera". Última visita bere bigarren film laburra da. Jaialdira aurkeztutako gidoian "landa eremu bat" aukeratu zuen; "egia esan, Olatzagutia ez nuen ezagutzen, ez nintzen aurretik inoiz egon, baina oso pozik gelditu naiz esperientziarekin". Grabazioa baino aste pare bat lehenago bertan egon zen, lokalizazioak bilatuz. "Kanpokoak eta barrukoak ikusten egon nintzen, gutxi gorabehera non eta nola grabatuko genuen ikusteko. Virginia Alonso kultur teknikariarekin bildu nintzen ere, beharrak eta abar ikusteko". 

"Dena oso-oso ongi joan da; miragarria izan da, bainarik ez dut"

Film laburrean Olatzagutia ikusiko da, eta Olatzagutia dela nabarituko da. "Pertsona baten eta bere maskotaren arteko harremana erakusten du. Olaztiko kaleak ikusiko ditugu bertan, baita Urbasa ere". Protagonista, Reta bera, hiri batean bizi da, eta herrira joatea erabaki du, "izebaren etxera". Olatzagutian grabatzea ez zitzaiola kostatu azaldu du Retak, "asko gustatu zitzaidan, txikitxoa da eta aldi berean baditu lauzpabost mugarri. Herriak berak esaten dizu hau da eskaintzen dudana. Ez zara asko erotu behar". Bertan grabatzea "erraza" izan dela esan du Retak. "Oso-oso ongi egon da, dena miragarria izan da. Bainarik ez dut". Retaren lan taldean, besteak beste, Daniel Bengoechea argazki zuzendari altsasuarrak parte hartu du, baita Olatzagutiko zenbait figurantek parte hartu dute ere. Aktoreak Reta, Neli Oyaga, Silvia Marinho eta Lehena dira. 

Grabazioaren ondoren lana postprodukzio fasean sartu da, eta dagoeneko audioak grabatu dituzte eta kartela egin dute. "Orain edizioa, montajea... denak denbora behar dute". Azaroaren 22an aurkeztu behar du lana eta abenduaren 1ean Olaztiko kultur etxean aurkezpena eginen du, parte hartu duten hamar film laburrekin batera. 

Film laburren lehiaketak sei saritu izanen ditu, 2.500 eta 250 euro tartekoak, eta sari banaketa Peraltan abenduan eginen den ekitaldian izanen da.