Astekaria

"Denok gure oroitzapenak laboratzen ditugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko aza. 21a, 12:27

Victoria A. Musetti antzerkigilea Olaztiko kultur etxean.

Victoria Alvarez Musetti antzerkigileak Pajaros Pintados bere konpainiarekin 'Olaiaren Lorategia' gabezien eta oroimenen inguruko lan berriaren aurrestreinaldia eginen du Olaztiko kultur etxean.

Pajaros Pintados, Victoria Alvarez Musetti antzerkigile olaztiarraren antzerki konpainia da, eta azaroaren 20tik 23ra bere lan berriaren erresidentzia eginen du Olaztiko kultur etxean: Olaiaren lorategia euskaraz eta El jardín de Olivia gaztelaniaz. Antzezlanari azken ukituak emanen dizkiote Olaztin, eta 22an, asteazkenean, 18:00etan, erakustaldia eginen dute publikoaren aurrean, "emanaldia ikusleekin probatzeko". Sormenezko literatura eta idazketa gradua ikasi zuen Alvarezek, eta antzerkiarekin maitemindu zen "atzean dagoena" ezagutu zuenean: "Antzerkian istorioei bizitza ematen diezu, pertsonekin eta elementuekin materializatzen da, eta horregatik gustatzen zait". Jendearekin elkarbanatzen den lan bat da ere antzerkia.

Zer da Pajaros Pintados?
Antzerki sorkuntza konpainia bat da; antzezlanak sortu eta ekoiztu ez ezik, kolaborazioak eta mediazioak egiten ditugu ere. Proiektu eta ikuskizunetan lan egiten dugu, formakuntzak ere egiten ditugu . Antzerkia jendeari gerturatu nahi diogu, ikuslea antzerkian inplikatzea; sormen prozesuak ezagutzea, antzerkiaren barrua ezagutzea.

Nola eta zergatik sortu zenuen?

"Antzerkia interesatzen hasi zitzaidan barruko funtzionamendua ikusi nuenean"

Teatro del Cuervo Asturiasko konpainian lan egin izan dut, eta haien filosofia hori da: publikoari antzerkia gerturatzea modu desberdin batean, non parte sentitzen diren eta ikuskizunetan prozesua ikusten den. Jantzi edo eszenografia aldaketa bat badago, ikustea nola egiten den; ez teloia ixtea eta dena aldatuta dagoela ikustea. Aldaketa hori ikusten duzu, eta, hala ere, istorioaren barruan sartuta zaude. Magikoena da. Haiek hori lantzen dute eta niri asko interesatzen zitzaidan. Rincones y recovecos jaialdian lan egin dut ere. Antzerkia espazio ez ohikoetan egitean datza; antzerkiaren magia eta nola funtzionatzen duen ikusten da. Horiek guztiak hartu ditudan influentziak dira. Antzerkia interesatzen hasi zitzaidan barrutik nola funtzionatzen zuen ikusi nuenean. Jendeak hori ezagutzea nahi nuela pentsatu nuen; antzerkia gerturatzea.

Zer lan egin dituzu?
Lehenengo lana Shere Khan familiarteko antzezlana izan zen, Teatro del Cuervorekin eta Errioxako Realidad Traviesarekin koprodukzioan. Orain ari gara Olaiaren Lorategia edo El jardín de Olivia ikuskizun berriarekin. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektu bat da, eta azaroaren 24an mustuko dugu Nafarroako Antzerki Eskolan.

Aurretik Olatzagutian erresidentzia egiten ari zarete.
Eszenatokira eraman aurretiko lan bat da, bai. Jantziak eta elementu guztiak iritsiko dira, eta helburua elementu eszeniko guzti horiek jartzea da. Arlo teknikoa eta argiteria ere probatuko ditugu, eta publikoaren aurrean eginen dugu ere. Aktoreek dagoeneko behar dute beste pertsonei kontatzea. Olaztikoa naiz eta gero Altsasura joan nintzen. Niretako oso gertuko espazioa da kutur etxea. Txikia da, baina nahiko jende etor daiteke. Oso erosoa da. Gainera, kultur etxetik eta udaletik beti oso prest daude horrelako gauzak ekartzeko eta hemen egun batzuk pasa ditzakegu. Zoragarria da.


Olaiaren Lorategia antzezlanaren antzerki erresidentzia Olaztiko kultur etxean.

Prozesuan publikoari erakustea garrantzitsua da? 
Asko ikasten dugu. Prozesuaren barruan zaudenean dena oso argi ikusten duzu, eta publikoaren paperean jartzen saiatzen gara, baina badira gauzak ez direnak ikusten.

Zer kontatzen du lanak?
Ausentzien inguruan hitz egiten du, modu delikatuan eta gozoan; oroimen zoriontsuen bidez. Olaia edo Olivia lorategi batera iristen dira eta neguak utzitakoa jasotzen hasten dira. Objektuen bidez, landareak eta lorategiko objektuak, pertsonaia desberdinekin elkartzen dira eta oroitzen hasten dira. Oroimenen lorategia da. Denok gure oroimenak laboratzen ditugu eta bertara iristea gustatuko litzaiguke. Bizitakoa berreskuratzea. Hasierako galdera da: non gelditzen da bizitzen duguna? Non gelditzen da sentitzen dugun guztia? Maite dugun jendea joaten denean zer gertatzen da oroitzapen horiekin? Nonbaitera joaten dira, gure zati bat ere badira.


'Olaiaren Lorategia' antzezlanaren antzerki erresidentzia Olaztiko kultur etxean.

Gaia zaila, ezta?
Konturatu gara gure gizartean oso gutxi hitz egiten den gai bat dela. Orokorrean oso gainetik pasatzen da. Ez genuen tristeziatik eraman nahi, oroitzapen politak dira, gure bizitzaren parte diren eta dagoeneko gurekin ez dauden pertsonenak. Olaia urtaroetatik pasatzen da, bizitzaren etapa desberdinak erakusten dituztenak: udaberria, haurtzaroa; uda, gaztaroa; udazkena, heldutasuna eta negua, zahartzaroa. Etapa bakoitzean gabezia eta dolua modu desberdinetan ulertzen du. Ikuskizun emozionala da.

Nolakoa izan da prozesua?
Nik aurretik testua idatzita neukan ideia orokor batekin. Oroimenen lorategiaren iruditegi hori banuen, baina Maia Ansa eta Manuela Orbegozo aktoreekin eta Sergio Gayol zuzendariarekin dena forma hartzen joan da. Kode desberdinekin jolasten hasi ginen, istorioa kontatzeko egokiena aurkitu genuen arte. Horren arabera testua moldatzen joan naiz. Gero garbitzen joan gara eta forma emanez. Oinarria nik egin nuen, baina gero guztiok gure ekarpena egin dugu.

Nolakoa da dramaturgoaren eta zuzendariaren arteko harremana? Eztabaidak izaten dira?
Ez da oso ohikoa dramaturgoak egotea. Pertsona berdina izan ohi da. Kasu honetan elkarri osagarri garen talde bat elkartu gara. Sergiok esperientzia handia du, zuzendaria eta aktorea da, eta idatzi du ere, berak esaten duen bezala, beharragatik. Duela urte batzuk elkartu ginen, eta osatzen gara; berak ikuspegi eszenikoa ematen dit. Zuzendari laguntzaile bezala lan egiten dut ere, beraz, presente nago. Eztabaidak ez ditugu, baina agian egon daiteke esaldi bat niri asko gustatzen zaidana, baina akzioekin dagoeneko erakusten dena, eta niri gustatzen zaidalako ez du esan nahi funtzionatzen duenik. Ikusten duzunean eta ahaztu egiten zaizunean esan nahi du egia zela, esaldirik gabe funtzionatzen duela.