Bezperan makina bat ordu sartu eta guztia behar bezala prest utzi ondoren, Sakanako belenzaleen elkarteak jaiotzen erakusketa abenduaren 9an zabaldu zuen. Elkarteak kale Nagusiko 51. zenbakian duen egoitzan dago erakusketa, dozena bat diorama edo jaiotza daude ikusgai. Haietako lau berriak dira, beste lau jaiotza aurretik egindako zortzirekin berregindakoak dira, eta beste lau aurretik erakutsitakoak dira. Astelehenetik larunbatera 17:30etik 20:00etara dago ikusgai erakusketa. Eta domeka eta jaiegunetan, berriz, 13:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara.
Elkartekideek jakinarazi dutenez, jaiotzetan Soriako Calatañazor herriko kale bat dago irudikatuta, Kataluniako Santa Pauko plaza, Ziordiko etxe bat, Trebiñuko Kutxu herriko etxeak eta Dorrao herria urrunean ikusteko aukera dago. Erakusketako jaiotzez aparte, elkartekideen lanaz goza daiteke Altsasuko eta Olatzagutiko elizetan.
Ilusioz
Hala aritu dira elkarteko kideak erakusketa prestatzen. "Aurten ordu pila sartu ditugu. Gogoz saiatu gara. Ez da gauza bera jaiotza bat egiteko 100 ordu edo 800 ordu sartzea. Atzetik dagoen lana nabari da, eta, horregatik, etortzen da jendea urtero bisitan", azaldu dute elkartekideek. Haiek lagundu nahi dituenak, elkarteko bazkide egiteko aukera du. Gaur egun 47 kide ditu Sakanao belenzaleen elkarteak.
Apirilaz geroztik, Malagako Mollina herriko Jaiotzen Nazioarteko Museoan olaztiarren jaiotza bat, diorama bat, dago ikusgai. "Aspalditik nahi zuten gure jaiotza bat. Apirilean etorri ziren eta haiekin bueltan eraman zuten". Jakinarazi dutenez, Belenzaleen Nazioarteko Federazioak aurten bere kongresua Andaluzian egin du, lastailaren 29tik azaroaren 5era. Jardueren artean aipatutako museora bisita zegoen. "Belenzale askok beraien Facebook profiletan gogoko jaiotzen argazkiak jarri zituzten, eta hainbatek gureari egindako argazkia publikatu zuen", azaldu dute pozez.
Dagoeneko Olatzagutiko erakusketatik valentziarrak pasa dira. Oviedo, Katalunia, Andaluzia eta Hego Euskal Herriko elkarteetako kideen bisitak espero dituzte aurten ere. "Badakite Olatzagutian kategoria dagoela, hona etorriz gero asmatu egiten dutela". Haietako batzuen berri izan zuten irailean, Gasteizen egindako ipar aldeko belenzaleen topaketan. Jasotako bisitak bueltatzearen zale dira elkartekideak eta aurten Sevilla, Cordoba, Cadiz eta Jerezko erakusketak bisitatuko dituzte haietako batzuek. "Saria da besteek egindako lanez gozatzea. Belenzalea jaiotza baten aurrean jarri eta 'dastatu' egiten du. Bakoitzaren parean hamar edo hamabost minutu egoten gara, guzti-guztia behatzen".
Heldu den urteko azaroan Iruñeak estatuko belenzaleen kongresua hartuko du. "Duela sei urte Gasteizen izan zen eta denak, lau autobus, Olatzagutiara etorri ziren erakusketa ikustera. Bide batez, bertan bazkaldu zuten". Iruñeko hitzorduaren berri izanda, heldu den urtean azarorako erakusketa prest izatea nahi lukete elkartekideek.
Ikastaroak
Elkarteko kideak Akelarre ludotekako haurrei jaiotzei buruzko ikastaroa eman diete aurten. Dozena bat saio izan dira, astean behin. 10 eta 12 urte arteko haurrek porespana lantzeko artea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, eta saiotik saiora jaiotza bat nola egin ikasi zuten. Baita egin ere. Ludotekan egindako bederatzi jaiotza beste horrenbeste etxeetan ikusgai daude. Elkartekideek azaldu dutenez, "oso gustura egon ginen haiek eta gu. Ilusio handiz egin zuten jaiotza eta erakusketara etorri zaizkigu esatera dagoeneko etxean jarri dutela".
Jaiotzak egiteko artea ezagutu nahi duenak erakusketatik pasa eta elkarteko kideei jakinarazi behar die. Haiek beraien jakintza sakandarrekin apirilean partekatu nahi dute.
12 dioramak
Jesusen, Mariaren eta Joseren dozena bat pasarte jasotzen ditu erakusketak, bakoitza 5 metro karratuko azaleran: Ama Birjinaren berri ematea; Erroldatzea; Ostatua bila; Jesusen jaiotza; Jesusen haurtzaroa; Artzainei berri ematea; Artzainen adorazioa; Erregeen kabalgata; Errege Magoen adorazioa; Lehen urratsak; Egiptora ihesa eta Zurgindegia.
Kronologia laburra
- 2000n Jaiotzak egiten ikasteko ikastaroan parte hartu zuten elkartekideek.
- 2000ko abendua Olatzagutiko elizan 12 metro karratuko jaiotza jarri zuten.
- 2001ean Elkarteak jaiotzak egiteko ikastaroa eman zuen.
- 2001eko abendua Olatzagutiko elizan jaiotza berria jarri zuten.
- 2002an Elkarteak kultur etxean jaiotza erakusketa jarri zuen.
- 2008an Elkartea bere egoitzan jarri zuen erakusketa.