Andremango lezeari buruzko argi gehiago

Guaixe 2023ko abe. 21a, 09:01
Espeleologoa Andremago lezean. UTZITAKOA

Hiru espeleologo taldeetako kideak orain arte baino sakonago ezagutzeko aukera izan dute.

Andremango lezearen sarrera garai batean Aldoiar harrobiaren eskuin aldean, goian, zegoen, eta ikusgarria omen zen, eta han aziendak babesa hartzen zuen. Baina harrobiaren jardunagatik desagertu zen. Hala ere, sarbideren bat badago oraindik, Galdamesko Burnia, Oñatiko Aloña Mendi eta Alloko Katteam espeleologia taldeko kideak han izan baitziren abenduko zubian. Aipatu leze hori duela hamarkada batzuk esploratu zuten. Orduan 60 metroko sakonerara iritsi ziren eta 150 metroko galeriak ezagutzera eman zituzten. 

Esplorazio hari segida emateko elkartu zen bost kideko espeleologo taldea. Lezean bitan sartu ziren. Espeleologoen jardunaren emaitza izan zen 90 metroko sakonerara iristea. Horrek aukera eman zien lurpean 750 metroko garapena egiteko. Azaldu dutenez, galeria ederrak opatu dituzte: "formazio oso politak eta aberatsak aurkituz ditugu. Gainera, saguzar batzuk bizi dira lezean. Lasaitasun erlatiboan bizi dira, harrobia, herria eta autobidetik gertu bizi direlako". Lezearen barruan 11 graduko tenperatura eta %94 hezetasuna neurtu zituzten. Espeleologoek gaztigatu dutenez, "sarreran hondakin batzuk daude, industria olioko ontziak, zabor poltsak... Asko ez bada ere, sarreran kutsatu den guztia urak lur azpira eramango du, beheko iturburura, Ornara". 

Etxeko lanak
Lezean sartu-irtenak egin ondoren, espeleologoek "etxeko lanak" dituzte orain. Izan ere, "garapen eta sakonera zehatza jakiteko opatu genituen galerien kartografia egin genuen. Horretarako, distantzia, norabidea, inklinazioa eta bestelako neurriak hartu genituen. Datuak prozesatu ditugu, baina oraindik lan handia dugu marrazkia, eskalara, digitalizatzeko", azaldu dute.

Espeleologoek jakinarazi dutenez, "Sakanako koba handienetako bat da" esploratutakoa. Azaldu dutenez, esploratzen segitzeko asmoa dute: "jarraipen posible pare bat esploratu gabe utzi genituen, denbora faltagatik. Oraindik potentziala handia du kobak, beraz, ahalik eta azkarren itzuliko gara. Gainera, mendi karstiko txiki horren irteera naturala (ur azpikoena) oraindik urrun dugu, baina bidea dagoeneko hasita dago!"