Olaztiko Kultur Etxean jokatu zen Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Zaldi Beltzak antolatutako 23. Sakanako Xake Txapelketa. Antolakuntzarako Nafarroako Xake Federazioaren eta Olaztiko Udalaren laguntza izan zuten. Noain Xake taldeko Aitor Huarte Zozaia epaileak gidatu zuen txapelketa, aldi berean Nafarroako 1900 ELO puntutik beherako txapelketa izan zena. “Guztia martxa onean doa, arazorik gabe. Gustura dabiltza” azaldu zuen epaileak.
Izena eman zuten 23 xakelarietatik 21ek hartu zuten parte, tartean 10 sakandarrek. Emakume bakarra zegoen, Berriozarko Maria Rodriguez. Txapelketa azkarra izan zen, 15 minutuko zortzi jardunaldi edo partidatan erabaki zena, “beti bezala, primerako giroan” Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiaren esanetan.
Aitor Esparza burlatarrak eta Ekain Galarza urdiaindarrak lehia oso estua izan zuten, baina azkenean Aitor Esparza gailendu zen (7 puntu), Galarzari puntu erdia aterata (6,5 puntu). Sergio Anguas izan zen hirugarrena (5,5 puntu). Emakumezkoen saria Maria Rodriguezek jaso zuen (2,5 puntu, sailkapen orokorrean hemeretzigarren), eta emakume gehiagorik ez zegoenez, euren sariak sailkatutako onenen artean banatu ziren.
14 urtez azpiko onena Iker Iturrioz Salazar altsasuarra izan zen (4,5 puntu, sailkapenean bederatzigarren). Galarzak eta Iturriozek aurretik saria zutenez, lehen sakandarren sariak Ismael Anton altsasuarrak (4 puntu, sailkapenean hamaikagarren) eta Sebas Insausti arbizuarrak (4 puntu, sailkapenean hamabigarren) jaso zituzten.
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Koldo Flores lizarrengotarra hamahirugarren izan zen (4 puntu), Mikel Castellano altsasuarra hamalaugarren (3,5 puntu), Cesar Razkin etxarriarra hamabosgarren (3 puntu), Juan Andres Cerro altsasuarra hamaseigarren (3 puntu), Jon Lizarraga altsasuarra hogeigarren (2,5 puntu) eta Javier Armendariz olaztiarra 21. (2 puntu).