Olatzagutitik Lesbosera elkartasun jakiak

Guaixe 2024ko urt. 22a, 09:00

Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearen aldeko jaki bilketa egin zuen Olatzagutiko Gazte Asanbladak ilbeltzaren 13an eta 14an. Aurreneko egunean goizez etxez etxeko bilketa egin zuten eta domekan, berriz, txorien erakusketan jakiak biltzeko mahaia jarri zuten. Emaitzarekin "pozik" daude

Olatzagutiko Gazte Asanbladako (OGA) kideek azaldu dutenez, "asanblada batean atera zen jaki bilketa egiteko ideia. Hemendik kanpo elkartasuna zabaldu eta beste proiekturen batekin elkarlanean aritzea zen asmoa". Zaporeak gobernuz kanpoko erakundea (GKE) izan zen aipatutako proiektuetako bat. Haiekin harremanetan jarri ziren. "Haien proiektua zein den azaldu ziguten, dituzten helburuak zein diren eta nola lan egiten duten azaldu ziguten". 

Olaztiarrei horren berri kartelen eta sare sozialen bidez eman zieten. "Baina zabalkunderako bideak ez dira egokienak izan eta herritar asko ez dute jaki bilketa honen berri izan". Horregatik, ilbeltzaren 13an, larunbat goizean, plazako hitzordura OGAko kide batzuk eta olaztiar gutxi batzuk gerturatu ziren laguntzera. "Talde txiki bat etxez etxe jasotzen aritu zen. Eta, hala ere, olaztiarren erantzuna positiboa izan zen eta asko jaso genuen". Baina gutxi zirenez, ez zuten lortu herri guztiko etxeetatik pasatzea. Ilbeltzaren 14an, domeka goiz-eguerdian, frontoitik mordo bat pasa ziren, bezperan jakiak prest ez zituztenak, etxean ez zeudenak edo ez zekitenak. 


Gazte asanbladako kideek jasotako jakiak. UTZITAKOA

Bi egunetan jasotakoa Maisuenea gaztetxean sailkatu zuten eta Zaporeak-eko kideak guztia jasotzera etorriko dira. Gainera, OGAk diru kopuru bat bideratuko du GKEk Lesbos uhartean duen sukaldean gehien behar diren produktuak erosteko. "Esaten digutenean eginen dugu erosketa hori", azaldu dute OGAkoek. Bestalde, ez dute baztertu etorkizunean ibarreko gainontzeko gazte asanbladekin batera Sakanan halako jaki bilketa bat egitea. Bitartean, aurten egindako bilketarekin "oso pozik eta harro" daude OGAkoak.