Frontoi bete txori

Guaixe 2024ko urt. 23a, 09:30
Txoriek makina bat jende erakarri zuen.

Aralar mendia Ornitologia Elkarteak antolatuta, Olatzagutiko frontoiak bosgarren aldiz txori erakusketa eta trukaketa topaketa hartu zuen ilbeltzaren 14an. Antolatzaileak pozik zeuden jendearen erantzunarekin, "erakusle gehien etorri den urtea dela uste dugu".

Elkarteak hamalau bazkide ditu eta Olatzagutiko topaketaren antolakuntzaz Sergio Flores Barroso eta Raul Lopez olaztiarrak arduratu ziren. Prestaketa lanak garilean hasi zituzten. "Nafarroako Gobernuko abeltzaintza zuzendaritzari baimena eskatu genion. Jartzen diguten baldintza bakarra da topaketa aurreko hilabetean ez dadila hegazti griperik edo horrelakorik egon, bestela bertan behera utzi beharko genuke", azaldu du Floresek. 

Frontoian hazle batenak ziren eta eraztuna zuten txoriak besterik ezin zuten sartu. Kanarioak, basa kanarioak, mistoak, agapornisak, ninfak... Denetariko txori txikiak ikusgai jarri zituzten topaketara gerturatu ziren 35 bat txori hazleek. Txorietako batzuk kantariak ziren, itxura ederrekoak besteak. Elkarteko albaitaria arduratu zen guztia egoki zegoela egiaztatzeaz. 

Floresek nabarmendu zuenez, "txoriak jende askori gustatzen zaizkio. Urtean zehar jendeak galdetzen digu ea leihoan jartzeko txoriren bat salgai dugun. Zaletasun handia dago. Kantari ari den kanario batek etxea pozten du", azaldu zuen Floresek. "Leihoan izanen duzun txori batek ez du lan handirik eskatzen, kaiola egunero pixka bat garbitzea, nahiko. Baina hazlea bazara, garaia denean denbora behar da: goizean garbitu, jatekoa prestatu, arrautzak begiratu..."

Istripu baten ondorioz Floresek gaur egun ez du hegaztirik hazten, baina "denetarik" izan du. "Zalea naiz, hegaztiak asko gustatzen zaizkit. Batekin eta bestearekin hasi, gustatzen hasi eta hezten hasi nintzen. Baina bi urte geldirik daramatzat". Hala ere topaketaren antolaketan lanean segitzen du. "Izan ere, kideek halako topaketak beharrezkoak dituzte txoriak trukatzeko, saltzeko, kentzeko. Halako ekitaldiak eginez hegazti asko mugitzen da". 

Beharra
Arraza bereko txoriak trukatzea beharrezkoa da hazleendako, arraza hobetu, aniztasun genetikoa izateko eta malformaziorik ez sortzeko. Pandemiako etenaren ondoren, txori hazleek deitu egin zieten topaketa antolatu behar zuten jakiteko. "Gaur Ciudad Realdik txoriak erakustera etorritako bat dugu gure artean". 

Olaztiarrak Langraiz Okako topaketara joanez hasi ziren. "Haiek antolatzeari utzi zioten. Ciudad Realen topaketa ezaguna egiten da. Iruñean bi egunetako bat egin zen, baina Olatzagutian izan dugunaren erdia ere ez zen izan". Floresek azaldu duenez, halako topaketa gero eta gutxiago daude. "Hazle askok bakarrik txapelketetarako txoriak hezten dituzte. Lehen 30 bikote hazten bazituzten gaur egun 15ekin ari dira. Onenak aukeratzen dituzte, gainontzekoak trukatzeko-edo". 

Erlazionatuak