Hildakoa porlandegian

Guaixe 2024ko ots. 15a, 16:09

Foruzaingoaren patrulla porlandegian. UTZITAKOA

Gizonezko altsasuar bat hil da.

Larrialdi zerbitzuek lan istripu baten berri emanez deia jaso dute 13:47an. Olatzagutiko porlandegian izan da lan istripua, eta ondorioz 32 urteko gizonezko altsasuarra hil da, enpresako langilea zena. Foruzaingoak jakinarazi duenez, “lehen ikerketen arabera zapalketaren ondorioz hil da langilea”. Ezbeharraren tokira Altsasuko osasun eskualdeko medikua eta erizaina, oinarrizko bizi euskarriko anbulantzia eta suhiltzaileak joan dira. Iritsi direnean, larrialdi zerbitzuek bihotz birikak bizkortzeko maniobrak egin dituzte, bertaratutako mediku-taldeak heriotza egiaztatu arte. Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute, autopsia egiteko. 

Lantegira ere Altsasuko polizia etxeko herritarren segurtasunerako patruilak joan dira. Foruzaingoko polizia judizialeko agenteak ezbeharraren arrazoiak eta dinamika ikertzen ari dira. Enpresa berean 2022ko irailaren 8an langile bat hil zen, hura ere lan istripuan. 

Erreakzioak

ELAk jakinarazi duenez, "tobera bateko ikatzak azpian harrapatu ondoren hil da langilea". Sindikatuak nabarmendu duenez, "Cementos Portland Valderribas enpresan urte eta erdian hil den bigarren langilea da". ELAk gaztigatu duenez, "aurten sei pertsona hil dira Nafarroan beren lanpostuan, astean hildako bat kasi". Eta horren "erantzule nagusi" patronala eta erakunde publikoak egin ditu. ELAren iritziz, "enpresek sistematikoki bete gabe uzten dute prebentzio araudia, etekin ekonomikoa plantillen segurtasunaren aurretik lehenesteko, eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio beharrezko kontrol-neurriak ezartzeari, diru publikoa elkarrizketa sozial ez-eraginkor bat indartzeko erabiltzen jarraitzen duen bitartean".

ELAk "enpresen zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea bukatzea" eskatu du,
eta, horretarako, "Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari zigorrak jartzeko gaitasuna ematea eta erabat kolapsatutako lan ikuskaritzaren plantilla hirukoiztea" eskatu du, "Nafarroako lantokietan ematen ari diren segurtasun baldintzak zorrotz kontrolatu ahal izateko".

LABek, txio bidez, jakinarazi du altsasuarra Euskal Herrian aurten hil den hamabosgarren langilea dela, seigarrena Nafarroan. Aldi berean, bi gauza nabarmendu ditu: azken urtean bi altsasuar hil direla lan istripuan eta Cementos Portland Valderrivasen 2022tik bigarren hildakoa dela. Prekarietateak hil egiten duela gaztigatu du LABek. Eta patronalari eta instituzioei "langileak gaixotzea eta hiltzea" egotzi die. Azkenik, Lanpostuetan heriotza gehiagorik ez lelopean eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu du. Otsailaren 16an, ostiralarekin, 19:00etan, Altsasuko estalpean izanen da. Protesta bilkura honako sindikatuek deitu dute: LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde, HIRU eta CGT-LKN.

CCOOk "gogor" gaitzetsi du Cementos Portland Valderrivas zementu-fabrikan lanean ari zela langile bat hil izana. Gogorarazi du Nafarroan urteko bigarren biktima dela. "Lan ezbeharren gaitzak Nafarroako langile klasea astintzen jarraitzen du. Nafarroa da, oraindik ere, langile kopuruaren araberako istripu indize handiena duen lurraldeetako bat". CCOOren iritziz, "zifra horiek murriztea lehen mailako agindua izan behar da Nafarroako Gobernuarendako eta inplikatutako eragile guztiendako".

CCOOk patronalei dei egin nahi die "zorrotz joka dezaten Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea betez". Sindikatuaren iritziz, "istripu guztiak saihets daitezke eta, horregatik, gerta ez daitezen eskuragarri dauden baliabideak". Nabarmendu duenez, "eraikuntzaren sektoreak ezbehar tasari buruzko daturik dramatikoenak ditu. Horregatik, CCOOrendako "ahaleginak areagotu behar dira geldiarazteko bilakaera hori. Eraikuntzaren sektorerako talka-plan espezifiko bat premiazkoa da".

Sindikatutik azpimarratu dutenez, "lantokietara joatea ez da arriskutsua izan behar ezta langile batendako ere ez. Istripu horiek ez gertatzeko erantzukizuna enpresei dagokie erabat. Administrazioak funtsezko zeregina du araudia betetzen dela zaintzeko". CCOOk gogorarazi du langile guztiak beren lanpostuetara joaten direla bizimodua ateratzeko, eta, horregatik, haien segurtasuna bermatuta egon behar dela. Sindikatuak, azkenik, istripuaren ikerketa sakona eskatzen du eta prebentzioaren alde egiten du langileen osasuna blindatzeko.

UGTk gaitzetsi egin du Olatzagutiako zementu-enpresa batean izandako lan-istripua, langile bat hiltzea eragin duena.  Sindikatuak "berehalako neurriak hartzera" premiatu du, "lan-ezbeharren gaitzari akabera emateko". Nafarroako UGTko Industria, Eraikuntza eta Nekazaritza Federazioak (FICA) "babesa eta doluminak ematen dizkie bere lanpostuan bizia galdu duen langilearen familiari, hurbilekoei eta lankideei". Aldi berean, istripuaren arrazoiak sakon ikertzea eskatzen du.

Sindikatuarendako, "funtsezkoa da prebentziorako eta lan osasunerako behar bezain beste baliabide erabiltzea eta arlo horretako jarduerak areagotzea; izan ere, tamalez, Nafarroa laneko ezbehar tasa handiena duten autonomia erkidegoetako bat izaten jarraitzen du". Ildo horretan, UGTk berretsi du beharrezkoa dela langile guztiei prestakuntza eta informazioa ematea beren lanpostuari datxezkion arriskuei buruz, eta giza baliabide zein baliabide material gehiago bideratu behar direla Lan Ikuskaritzara, arauak betetzen direla kontrolatzeko eta lantokiak leku seguruak izan daitezen lortzeko.

Era berean, sindikatuak gogorarazi du erorikoak eta zapalketak direla lan istripu hilgarrien lehen arrazoietako bat, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen du horrelako egoerak prebenitzeko hartu beharreko arrazoiak eta prebentzio neurriak aztertzea.