Zamarroek Asturias ezagutuko dute

Guaixe 2024ko ots. 27a, 11:00
Asturiarrak Olatzagutiko herri ihotean egon ziren. ARTXIBOA

Valdesoton antolatzen diren neguko maskaraden jardunaldietan parte hartuko dute. Hara joateko izen ematea zabalik dago.

Olaztiarrek herri ihotea otsailaren 10ean ospatu zuten. Herriko ohiko pertsonaiekin batera Asturiasko La Pola Sieroko Valdesoto herriko sidro pertsonaiak eta komediakoak egon ziren. Herri horrek 14. Neguko Maskaraden Jardunaldiak hartuko ditu martxoaren 16an eta 17an. Eta Olatzagutiko herri ihotea han presente izanen da. Martxoaren 15ean, ostiralarekin, 18:00etan abiatuko da autobusa Asturiasera. Behin han, Valdesoton martxoaren 16an, larunbatean, 17:00etan, desfilean parte hartuko dute. Martxoaren 17an, domekan, 12:00etan, berriz, La Pola Sieron izanen da desfilea. 

Asturiasen Olatzagutiko herri ihotea erakutsi nahi dutenek udaletxean edo herriko tabernetan eman dezakete izena. Horretarako, martxoaren 5era arteko epea dago. Interesa duenak, plaza gordetzeko, 20 euro ordaindu beharko ditu. Izena emateko gutxieneko adina 17 urtekoa da. Adin horretakoek gurasoen baimen idatzia eta bidaian doan arduradunaren izen-abizenak eman beharko dituzte. Egonaldia eta bidaia behar bezala prestatzeko, martxoaren 8an, ostirala, 18:00etan, Olatzagutiko kultur etxean bilera eginen da.