Iparraldeko Autobiaren (A-1) ertzean lurrari eusteko dagoen porlanezko egitura bat mugitu eta erortzear da. Egindako euriak lurra busti, kargatu eta egiturari eragin dio. Erortzear den porlanezko pilare ilara hori Altsasuko noranzkoan dago, Egibelgo harrobitik porlandegira marga eramaten duen tobera pasa eta berehala.
Autobia ertzeko euskarri horien gainean, porlandegiaren parean, Olatzagutiko Leire kalea dago. Autobiaren ertzean sei edo zortzi bajera daude eta horiek hondatuta gelditu dira, “atzeko pareta erori da”, jakinarazi du Joseba Vizuete Askargorta alkateak. Azaldu duenez, udala bajeren jabeekin eta Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarriko da, eman beharreko pausoak zein diren zehazteko.
Vizuetek beste kezka bat du orain: “trafikoa herrian barna desbideratu dute. Lehen nazional bat errepidea zen, baina gaur egun Inguraketa kalea da. Trafiko handia dago, eta kamioi asko. Zer egin daitekeen aztertu nahi dugu gobernuarekin”. Alkateak aipatu duen konponbideetako bat izan daiteke, autobian bertan bypassa egitea edo bi erraiak banatzen dituen porlanezko erdibitzailea kentzea.