Aldoiar harrobiaren eskuin aldean, goian, dago Andremango lezea. Hara bost espeleologo barneratu ziren abenduan. Orduko hartan 90 metroko sakonerara iritsi ziren eta lurpean 750 metroko garapena egiteko aukera izan zuten. Etxeko lanekin atera ziren eta, atzera ere, lezera bueltatu ziren espeleologoak apirilaren 3an. Asmoa abenduan abiarazitako esplorazioari segida ematea izan zen.
Azaldu digutenez, barneratzerakoan " behar diren sokak berriz instalatu genituen eta lezearen barruan jarraitzeko geratzen diren aukerak baloratu genituen. Gainera, puntan dagoen pasabidea zabaltzen hasi ginen. Hori guztia egiteak zortzi ordu kosta zitzaigun gutxi gorabehera". Argitu dutenez, egindako esplorazioak galeria berriak opatzeko "aukera bakarra" utzi zien, aipatutako punta. "Haize korrontea dagoenez, galeriak jarraitzen duela ulertzen dugu, baina pasabidea estuegia da guretako". Eta hura zabaltzeko lanak hasi zituzten.
Hondakinak
Abenduan bezala, oraingoan ere, Andremango lezera sartzerakoan espeleologoak botatako hondakinak opatu dituzte. Industriarako olio poteak eta zabor poltsak. Gainera, lezera sartzen den urak barruan dagoen garbigailu bat agerian utzi du; "dudarik gabe denbora luzea daramate", gaztigatu dute espeleologoek. Hildako hiru txakur ere opatu zituzten, "horiek egun hauetan 'agertu' dira". Horrelako hondakinak opatzean zer egiten duten galdetuta, espeleologoek esan dutenez, "lur azalean dauden hondakinekin gertatzen den bezala, udalei eta gobernuko departamentuei egindako jakinarazpenek ez dute inolako eraginik sortzen". Bestela esanda, bertan segituko dute hondakinek.
Jakinarazi dutenez, koba eta lezeetan "ohikoa da plastikoak, beirak, hildako animaliak, mota askotako tresnak eta bestelakoak ikustea. Noizbehinka, espeleologo taldeek koba eta lezeen garbiketak proposatzen dituzte. Hala ere, sarbidea eta hondakinak ateratzeko teknikak zailak dira", nabarmendu du. Lur azpia ikertzen dutenek azpimarratu dutenez, "hondakinak ez dira desagertzen koba batean botatzen ditugunean. Bai, desegiten dira, eta lurpeko urek hondakinak mendiko iturburura eramaten du, bidean lur azpiko inguru guztia kutsatuz". Espeleologoek gogorarazi dutenez, "askotan, ur hori guk geuk, herritarrok, erabiltzen dugu edateko edota edozein erabilerarako". Andremango lezearen azpian Ornako iturburua dago.
Duela hamarkada batzuk esploratu zuten lezea, 60 metroko sakonerara iritsi eta 150 metroko galeriak ezagutzera emanez. Orain Galdamesko Burnia, Oñatiko Aloña Mendi eta Alloko Katteam espeleologia taldeko kideak ari dira ikertzen.