Futbola

Osasuna, finalera

Guaixe 2024ko mai. 9a, 10:00

Osasunakoak, ospatzen. PATXI CASCANTE

Igoera faseko play-offean Alhama taldea gainditu eta gero, Espanyolen kontra jokatuko dute finala. Joaneko partida Sadarrek hartuko du, igandean, 12:00etan

Osasuna taldeak sei denboraldi jarraian daramatza lehen mailara igotzeko play-offak jokatzen. Orain arte, ezinezkoa izan da, baina aurten, lehenengoz play-offak gainditu, eta Emakumezkoen Ligara (Liga F) igotzeko finalerako sailkatu da. 

Lehen Federazioko lehen multzoan jokatzen duen Osasuna laugarren sailkatu zen ligan (44 puntu), Barcelona B (58 puntu), Deportivo de La Coruña (56 puntu), eta Espanyol de Barcelona (48 puntu) taldeen atzetik. Emakumezkoen Ligara igotzeko play-offetan Osasunak Alhama izan zuen aurkari. Joanekoan 0-3 gailendu ziren gorritxoak, eta maiatzaren 8an Taxoaren jokatutako itzulerako partidan, nahiz eta 0-1 galdu, Osasunak joaneko abantaila probestu eta final handirako sailkatu da Josu Dominguezek entrenatzen duen taldea. Taldeko jokalaria da Maitane Vilariño olaztiarra. Aurten ez du gehiegi jokatu, play-offetan ere ez zen aritu, baina pozez ospatu du finalerako sailkapena. 

Finalean Espanyol izango du aurkari Osasunak. Joaneko partida Sadarren jokatuko da maiatzaren 12an, igandea, 12:00etan, eta sarrerak salgai daude. Sadarrek Osasunaren gotorleku izan nahi du, aspaldiko ametsa gauzatzeko: lehen mailara, Emakumezkoen Ligara igotzea. Itzulerako partida Bartzelonan jokatuko da.