Mendia

Mendiak guztiontzat direlako

Maider Betelu Ganboa 2024ko mai. 15a, 13:00

Maria Jesus Lopez, Miguel Ulaiar, Rosa Prieto, Amaia Gerrikagoitia eta Juanito Gartziandia.

Maiatzaren 18an, larunbata, 'Mendiak Guztiontzat' lelopean Montes Solidarios taldearen aurkezpen-hitzaldia eta Koskobilora irteera antolatu du Mank-ek, Olaztin. Desgaitasunen edo dibertsitate funtzionalen bat dutenak gonbidatuta daude.

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, hainbat eragileekin elkarlanean, "Mendiak Guztiontzat" lelopean Gasteizko Montes Solidarios elkarteak egiten duen lana gizarteratzeko aurkezpen-hitzaldia eta, ondoren, Koskobilora irteera antolatu ditu maiatzaren 18an, larunbata, 10:00etatik aurrera; aurkezpena Olaztiko kultur etxean izanen da, eta ondoren Koskobilora abiatuko dira.

"Sakanako Mendizaleak taldetik jaso genuen proposamena, desgaitasunen bat edo dibertsitate funtzionalen bat dutenei mendi irteeraren batean parte hartzeko aukera eskaintzearena. Gasteizko Montes Solidarios elkartearekin harremanetan jarri ginen, eta Olaztin sortu dugun ekimena gizarteratzen ari gara" azaldu du Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak. 

Polita, eta beharrezkoa
Hitzaldia eta Koskobiloko irteerara edozein joan daiteke, baina dei berezia egin zaie desgaitasunen bat edo dibertsitate funtzionalen bat dutenei, tartean ikusmen eta mugikortasun arazoak dituztenei, Montes Solidarioseko kideei esker irteera egiteko aukera izango baitute, elkartekoek dituzten baliabideei esker. "Mugikortasun arazoak dituzten pertsona batzuk harremanetan jarri dira gurekin, eta etorriko direla esan dute. Bestalde, Milakolorerekin eta Anfasekin harremanetan gaude. Ekimen polita iruditu zaie, ekimen polita eta beharrezkoa. Eta ikastetxeekin ere harremanetan jarri gara, behar bereziak dituzten ahalik eta pertsona gehienetara heltzeko. Sakandar guztiak animatzen ditugu, ekimen irekia da". 

Amaia Gerrikagoitia: "Desgaitasuna dutenek ere Koskobilo ezagutuko dute"

Montes Solidarioseko kideek euren egitasmoa azalduko dute Olaztiko Kultur Etxean. Jarraian, bildutakoak bertatik abiatuko dira Koskobilora, eta Aranzadiko Daniel Ruiz Gonzalezek aztarnategiaren gaineko azalpenak emango ditu. "Aztarnategia ezagutzeko irrikaz nago" dio Montes Solidarioseko Rosa Prietok.