Futbola

Osasuna, lehen maila lortzera

Guaixe 2024ko mai. 16a, 09:28

Osasuna, Espanyolen kontrako finala jokatzeko Bartzelonara abiatu baino lehen. OSASUNA

Gorritxoek igoera faseko play-offetako finaleko itzulerako partida Bartzelonan jokatuko dute, Espanyolen kontra. Joanekoan 1-0 irabazi zuten Sadarren, eta Emakumezkoen Ligara (Liga F) igotzeko "dena" emango dutela berretsi dute

Maiatzaren 16a da egun seinalatua. Lehen RFEF edo federazio mailan jokatzen duen Osasunak Emakumezkoen Ligara (Liga F) edo lehen mailara igotzeko aukera du igoera fasean Espanyol taldea mendean hartzen badu. Joaneko partida maiatzaren 12an jokatu zuten Sadarren, eta gorritxoek 1-0 irabazi zuten, 9.783 zaleren aurrean. Itzulerako partida maiatzaren 16an, 19:00etan jokatuko dute, Bartzelonan. 

Osasunak seigarren denboraldiz jarraian jokatu du igoera fasea, eta aurten, bai ala bai, lehen mailako igoera lortu nahi dute. Sentsazio berezia sumatzen da, aparteko giroa. “Bai, zerbait dago inguruan, energia positiboa sumatzen da” dio Osasuna B taldeko entrenatzaile Gorka Pascua altsasuarrak. “Partida oso gogorra izango da. Espanynol talde indartsua da, eta eurek ere apustu handia egin dute lehen mailara igotzeko. Ea zer gertatzen den, baina nire sentsazioa da gureek lortuko dutela. Aurten izango dela. Hori espero dugu” gaineratu du. 

Osasuna talde nagusiak maiatzaren 15ean hartu zuen Bartzelonako bidea. Maitane Vilariño jokalari olaztiarra da jokalarietako bat. “Badakigu Bartzelonako partida Vietnam izango dela, gerratea, eta izugarri sufrituko dugula; baina jokalariak oso prestatuta daude, eta gure erreminta guztiak erabiltzen baditugu, irabaziko dugu” nabarmendu du Josu Dominguez entrenatzaileak. Ea hala den.