Futbola

Beste behin, ezinezkoa izan da

Guaixe 2024ko mai. 16a, 11:56

Dena eman dute gorritxoek, baina ezinezkoa izan da, eta Espanyol izango da Emakumezkoen Ligara (Liga F) igoko den taldea. OSASUNA

Espanyolek Osasuna mendean hartu du, eta seigarren aldiz jarraian lehen mailara igotzeko atarian geratu da talde gorritxoa

Aurten bai, bazirudien posible izango zela, baina ametsa zapuztu da eta Osasunak Lehen RFEF edo federazio mailan jarraituko du 2024/2025 denboraldian. Beste behin, eta zoritxarrez, lehen mailara igotzear zela erori da talde gorritxoa, igoera faseko play-offetako finalean. 

Maiatzaren 12an 9.783 zaleren aurrean Sadarren jokatutako joaneko partidan Espanyolen aurrean 1-0 gailendu zen Josu Dominguezek zuzentzen duen taldea, baina maiatzaren 16an Bartzelonan jokatutako itzulerako partidan 3-1 galdu du Osasunak, igotzeko bidean ia ibai-ertzera heltzear zela, eta kolpe latza jaso du. Tentsio handiko partidan, Espanyolek Osasuna estu hartu du eta Bartzelonako taldea 2-0 aurreratu da. Merchek sartutako gol ikaragarriari esker 2-1 hurbildu da Osasuna (Iruñean sartutako golarekin binakako berdinketa zegoen), baina Espanyolen hirugarren gola kolpe latza izan da. 

Seigarren aldiz jarrian igoera fasean erori da Osasuna, baina altxatu, eta datorren denboraldian beste behin saiatu, ez dago besterik. Taldea jota geratu da, baina dena eman duenari ezin zaio ezer leporatu, bukaerara arte zutik eutsi duelako. Ekinaren ekinez, noizbait iritsiko da.