Maiatzaren 18an 'Mendiak Guztiontzat' lelopean Montes Solidarios taldearen aurkezpen-hitzaldia eta Koskobilora mendi irteera antolatu zuen Sakanako Mankomunitateak, Olaztin. Ekitaldia irekia zen, baina desgaitasunen edo dibertsitate funtzionalen bat dituzten pertsonak gonbidatu zituzten bereziki, eurei Koskobilora joateko aukera eskaini nahi zietelako. "Sakanako Mendizaleak taldetik jaso genuen proposamena, desgaitasunen bat edo dibertsitate funtzionalen bat dutenei mendi irteeraren batean parte hartzeko aukera eskaintzearena. Gasteizko Montes Solidarios elkartearekin harremanetan jarri ginen, eta Olaztiko ekimena antolatu genuen. Erantzuna primerakoa izan da, oso pozik gaude" azaldu du Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak.
Hitzaldi interesgarria
Montes Solidariosek Kultur Etxean eskainitako hitzaldian 60 pertsona inguru bilduko zirela aipatu du Gerrikagoitiak. Milakolore elkartekoak ziren gehienak, baina Anfaseko gaztetxo bat ere bazegoen, eta baita behar bereziak zituzten pertsonak ere. Montes Solidariosetik 10 kide hurbildu ziren Olaztira. "Hitzaldia oso interesgarria izan zen. Talde honek zazpi-zortzi urte darama desgaitasuna duten pertsonendako eta gainontzekoendako mendi irteerak eta denetarikoak antolatzen". Hamar boluntariorekin hasi baziren ere, orain 200 inguru dira. Irteerez gain, formakuntza saioak antolatzen dituzte, behar bereziak dituztenekin erabili behar den tresneria ongi erabiltzen jakin behar delako, pertsona hauek nola hartu eta mugitu behar diren jakiteaz batera." Isaac, Javier eta Aitor makilari helduta joan ziren Koskobilora, eta Izaskun eta Rosa aulkian".
Koskobiloko bisita "gomendagarria" izan zen. "Aranzadi zientzia elkarteko Danielek eta Olaiak eman zituzten azalpenak. Goiz ederra pasa genuen".
Milakolore, boluntarioen bila
Geroz eta taldekide gehiago daude Milakoloren, eta pertsona boluntarioak behar dituzte haien aisialdiko jarduerak burutzeko. Interesatuek mila.kolore instagramera jo dezakete, edo 620 788 249 telefonora deitu.