Olatzagutiak haur eskola izan nahi du

Guaixe 2024ko eka. 13a, 09:00

Olatzagutiko eskola. ARTXIBOA

Hala jakinarazi dio Hezkuntza Departamentuari eta hura eskolako eraikina aztertzen ari da orain. Udalak  abeltzaintza azpiegituretan, basolanetan eta frontoian eginen ditu inbertsioak aurten. Gobernuak, bestalde, Inguraketa kaleko zoruko seinaleak margotu eta bi zubien egoera aztertuko du.

Olatzagutiko Udalak Hezkuntza Departamentuari herrian haur eskola zabaltzeko interesa azaldu dio. Joseba Vizuete Askargortak esan duenez, "Hezkuntza Departamentuan haur eskola hartzeko ikastetxe publikoko zein den tokirik egokiena aztertzen ari da orain". Alkateak jakinarazi duenez, "Olatzagutiaren beharrak asetzeko haur eskolak bi unitate izanen lituzke". 

Bestetik, eskolan berritze lan batzuk egiteko dirulaguntza eskatu zuen Olatzagutiko Udalak, "baina erreserban, hirugarrenak gelditu gara. Udalen batek bere laguntzari uko eginen balio, akaso aurten eginen genituzke lanak". Aurreikusitakoen artean daude: LED argia eta argiak pizteko pertsonen presentzia antzemateko detektagailuak jartzea eta azpiegitura elektrikoko kableak eta koadroak aldatzea. 

Aurrekontua
Olatzagutiko Udalak aurten 1.897.400 euroko diru sarrerak eta gastuak izanen ditu, joan zen urtean baino 479.593,80 euro gutxiago. Alkateak diru sarreren murrizketari egotzi dio jaitsiera. Bide batez, gogorarazi du: "pandemiarekin eta Ukrainako gerrarekin zerga arauak kendu egin zituzten, baina berriro bueltan dira. Gastu muga ezarri dute. Udalek dirua izan arren ezin dute nahi bezala inbertitu". 

Hala ere, udalak zenbait inbertsio egitekoa da. Abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko lanetarako 96.000 euro bideratu ditu, eta haietatik 36.000 Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin estaliko du. diru horrekin, batetik, Birigarako harrobian 600 metroko luzera duen itxitura jarriko du, azienda amildu ez dadin. Bestetik, Urbasa etorbidearen mendebaldera gelditzen diren dermioko bideetako batzuk, baita barga aldeko bat ere, konponduko ditu udalak. Horrekin batera, beheko basoan itxiturak eta bideak konpontzeko lanak eginen dira. 45.000 euroko aurrekontua eta 20.000 euroko dirulaguntza dute lan horiek. 

Udal pilotalekuan ere zenbait hobekuntza lan egin dira. Joan den urtean ateak aldatu ondoren, aurten, dagoeneko, LED argiak jarri eta haiek piztu eta itzaltzeko pultsadorea jarri dute. Frontoian, azkenik, atea automatikoki zabaldu eta ixteko tresneria jarriko du udalak. "Orain egun guztia dago zabalik. Automatismo hori jarrita, atea bera bakarrik zabaldu eta itxiko da. 08:00etatik 22:00etara egonen da zabalik frontoia", jakinarazi du. Bestalde, igerilekuko botikina tokiz aldatu du udalak. 2025ean aldagelak berrituko ditu. 

Autobia
Iparraldeko Autobiaren (A-1) parean gerriratua izan zen otsailaren 27an. Nafarroako Gobernuak magala egonkortzeko lanak despeditu ditu jadanik. Egiteko horien artean Leire kaleko bi etxebizitza bota zituen foru administrazioak. Cementos Portland Valderrivas enpresarenak ziren eraikinak desjabetu egin zituen eta haiek zeuden lurrak Nafarroako Gobernuaren eskura pasa dira. "Han lurra zabaldu dute eta zuhaitzak landatuko dituzte", argitu du alkateak. Aldamenean enpresaren beste bi eraiki gelditzen dira, hutsik daudenak.

Gerriratzearen ondorioz, autobiako trafikoa bi egunez Olatzagutiko Inguraketa kaletik desbideratu zuen Nafarroako Gobernuak. Vizuetek azaldu duenez, "gobernuarekin akordioa egin genuen eta bi lan hartu ditu bere gain. Bata da, Inguraketa kaleko zoruko seinaleak eta marrak margotzea. Eta, bestea da kale horretan dauden bi zubien egoeraren azterketa egitea. Trafiko handia izan zen bi egunez eta zein egoeratan dauden jakin nahi dugu". Zubietako bat Goienkale eta Angel Gurmindo kaleak errepide azpian dagoen zubia. Bestea, berriz, Bargatik jaisten den Larratxota erreka lurpera sartzean dagoen zubia, izen bereko kalearen parean dagoena. 

Gerriratzearen kontura izandako hartu-emanetan, Nafarroako Gobernuko arduradunei kiroldegi ondoan aurreikusita dagoen errotondaz ere galdetu zieten udal arduradun olaztiarrek. Urbasa eta Inguraketa kaleetako trafikoa bideratuko luke errotonda horrek. "Proiektua eginda dute, baina, momentuz ez dutela eginen jakinarazi ziguten", azaldu du alkateak. 


Errotonda aurreikusia dagoen bidegurutzea. ARTXIBOA

Kale zatia
Herriaren hegoaldean dauden Arronga plaza eta Kale Txikia lur sail batek banatzen ditu. Larrialdi zerbitzuak (suhiltzaileak edo anbulantziak) batetik bestera azkar pasa ahal izateko kalea zabaltzea da udalaren asmoa. Horretarako, exekuzio unitatea egin beharko du. Lurjabeekin urbanizazioa nola egin adostu bitartean, behin behineko porlanezko zoruko pasa bat egin nahi luketela azaldu du alkateak. 

Aurten ere parte hartze aurrekontuak izanen dira. Horretarako, 30.000 euroko diru poltsa izanen da. Aurreko urteetan aurrekontu hori bikoiztu edo hirukoizten zuten lanak proposatzen zirenez, aurten udalak, lehenik, proposamenak jasoko ditu eta aurrekontu horrekin egingarriak diren lanen artean aukeratzera emanen du. Vizente Argomaniz plaza eraberritzea izan zen parte hartze aurrekontuen bidez erabakitako lanetako bat. Zorua aldatu ondoren, aulkiak eta lore ontziak etorkizunean jarriko dituztela esan du alkateak.


Araztegiko lanak aurreratuta daude. ARTXIBOA

Gobernuarekin lotutakoak
Nilsa enpresa publikoa Olatzagutiko hondakin uren araztegia handitzeko lanak oso aurreratuta ditu eta garilerako despedituta izanen du eraikuntza zibila. Ondoren, argiteria jarri, urarendako putzu naturala eta bestelakoak egin beharko dira, baita probaldia pasa guztiz martxan jarri aurretik. Bestalde, Udalaren joan zen urteko egitasmoetako bat etxebizitzari buruzko azter lan bat egitea zen. "Nasuvinsarekin aurreneko kontaktua egin genuen, segida eman nahi diogu gaiari", argitu du Vizuetek. 

Udalak Nafar Lansareren dirulaguntzaren bidez igerilekurako bost langile kontratatuko ditu: bi sorosle (eskabideak aurkezteko epea gaur despeditzen da) eta hiru atezain-garbitzaile. "2019tik astebunetarako bi atezain eta astebururako beste bat kontratatzen genituen. Baina langile guztiek udan astebururen bat libre izateko, hirurak lanaldi berarekin kontratatu ditugu aurten", azaldu du Vizuetek. Bestetik, jakinarazi du langileen lanpostuak egonkortzeko prozesuarekin aurrera jarraitzen duela udalak.