Zenbait herritako larrialdi gunetan hainbat arazo

Guaixe 2024ko eka. 18a, 09:00

Olatzagutiko larrialde gunearen ondoan botatako hondakinak. ARTXIBOA

Atez ateko hondakin bilketa ezarria duten zenbait herritako larrialdi guneak gaizki erabiltzen dituzte herritar batzuek, eta hondakinak kanpoan botata uzten dituzte. Legearen arabera hori kontrolik gabeko isurketa da. Iritsi dira lehen isun proposamenak.

Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Larraza Carrerak jakinarazi duenez, "hainbat arazo izan ditugu herri jakin batzuetako larrialdi puntuekin". Atez ateko sistema ezarria dagoen herrietan daude larrialdi puntuak. Horiek erabiltzeko herrian etxebizitza izan eta mankomunitateak banatutako giltza elektronikoa behar da. Eskaera udalaren bitartez egin behar da. Etxola itxura duten larrialdi guneak kasu puntualetan bakarrik erabiltzeko dira: etxez etxeko bilketarako ezarritako egunetan hondakinak ateratzea ezinezkoa denean, esaterako, asteburuetan bakarrik dauden biztanleen kasuan, edota hondakinen tamainagatik edo kopuruagatik gakoan zintzilikatu ezin direnean. Hau da, larrialdi guneak ezinbesteko kasuetan bakarrik erabili behar dira. Atez ateko sistema duten herrietan egunerokoan, gakoan utzi behar da egun horretan atera behar den hondakina. 

Kontua da zenbait herritan larrialdi guneen erabilera okerra egiten dela eta "udalak edo Mank-ek kontrolik gabeko isurketak biltzera behartuak gara astero". Hondakinak botata uzteak bai udalei bai Mank-i aparteko lana eragiten die. Horretaz aparte, herritar asko larrialdi guneen aldamenean dagoen "zikinkeriagatik" kexatu egin dira. "Botata uzten dituzten hondakin horiek jasotzen diren heinean ez da ezer gertatzen, baina, legearen arabera, hondakin bilketa sistemaren bitartez kudeatzen ez dena kontrolik gabeko hondakinen isurketa da. Hondakinak horrela botata utzita ez baitute inolako tratamendurik jasoko", argitu du Larrazak. Hondakinak zenbat eta beranduago bereizi, orduan eta kalitate txarragoa dute materialek eta, beraz, zailagoa da birziklatzea. Eta errazago hondakindegian bukatzea. Tuterako Culebrete hondakindegira eraman eta han botatzeagatik Mank-ek pagatu egiten du. Bestalde, birziklatzeak hondakinak zabortegira eramateak baino 9 aldiz enplegu gehiago sortzen duela, eta berrerabiltzeak 30 aldiz enplegu gehiago sortzen duela, etxean hondakinak ez bereizteak lanpostu asko galtzea dakar.

Mank-ek, udalekin batera, jarduera protokolo bat idatzi du, eta protokolo horri hitzarmen itxura eman diote. Hori eginda, egoerak behartuta eta gogoz kontra, lehen isun espedienteekin hastea erabaki du. "Tamalez, Sakanan lehen aldiz emanen den neurria da, baina zenbait puntutan egoera jada ez da jasangarria". Puntu gatazkatsuenetako bat Olatzagutiko larrialdi gunea da. Egoerak behartuta, Mank-ek han zaintza sistema jarri zuen. Eta Olatzagutian lehen bi isun proposamenak egin ditu, 300 eurokoa bakoitza. "Mank-en ordenantzen arabera, gutxieneko kopurua izango litzateke hori, arau hauste arintzat jotzen baita. Baina zigorrak 300 eta 2.000 euro artean izan daitezke". Bide hori hartzearekin batera, Mank-ek eta Olatzagutiko Udalak elkarlanean ari dira "herrian zerbitzu hori hobetu dadin. Kokapen berri baten proposamena landuko da, eta, aldi berean, sentsibilizazio kanpaina eginen da". 


Garbigune mugikorra Olatzagutian. ARTXIBOA

Larrazak nabarmendu duenez, "ezin dugu ahaztu Nafarroan gaikako bilketan erreferenteak garela, eta hori sakandar gehienek gauzak ondo egiten ditugulako da". Eta gogorarazi du herritarrek hondakinak kudeatzeko hainbat zerbitzu dituztela eskura. Esaterako, etxean dauden bolumen handiko hondakinak Emausko trapuketariek etxetik jasotzen dituzte. Gainera, Arbizun eta Altsasun garbiguneak daude. "Ondo egiteko aukera asko daude, baina pertsona batzuk ez dira interpelatuta sentitzen hondakinak bereizteko lege betebeharragatik, eta, zoritxarrez, horrelako neurriak erabiltzea besterik ez zaigu geratzen", azaldu du Larrazak.