Futbola

Maitane Vilariñok Osasunari agur esan dio

Guaixe 2024ko uzt. 11a, 09:45

Agurrerako Sare Sozialetan Maitane Vilariñok publikatu duen argazkietako bat. UTZITAKOA

Zale gorritxoei eskerrak eman dizkie, lau urte hauetan emandako babesarengatik. Oraindik ez du azaldu zein bide hartuko duen

Atzo, uztailaren 10ean, Maitane Vilariño Mendinueta Osasunako jokalari olaztiarrak gutuna idatzi zuen bere sare sozialetan, talde gorritxoa utziko duela adieraziz. “Lau urteren ondoren bide berria hartzea tokatzen da” esanez hasten du mezua. Talde gorritxoan “une ederrak, baina baita gogorrenak ere” bizi dituela nabarmendu du, azken denboraldiari aipamen zuzena eginez. “Gogorra izan da, baina taldekideei eta zaletuen mezuei esker, eramangarriagoa”. Osasunan jokatzea, nolanahi ere, ahaztezina izan da berarendako. “Nafarra naizen aldetik armarri hau defendatzea ikaragarria izan da, Sadarren jokatu ahal izatea bezala, edozein haur nafarrek amesten duena”. 

Talde gorritxoan asko ikasi duela nabarmendu du. “Lan eta ikasketa askoko urteak izan dira hauek, futbolari, eta bereziki pertsona gisa haztera eraman nautenak”. Azkenik, esker oneko hitzak ditu. “Eskerrik asko zaleei, gu zaindu, balioan jarri eta partida bakoitzean animatzeagatik. Ikaragarriak zarete. Gorritxoak, plazera izan da zuekin gol eta garaipen bakoitza ospatzea. Mila esker guztioi”. 

Denboraldi gogorra
Vilariñorendako azken denboraldia oso gogorra izan da, ez baitute apenas konbokatu. Kontratua berritzearen inguruko arrazoiak daude atzean. Osasunako kirol zuzendari Mai Gardek azaldu zuenez, olaztiarrak “ez zuen taldean jarraitzeko eskaintza entzun nahi izan”, eta horregatik talde gorritxoak Vilariñoren postuan Ainhoa Guallarren aldeko apustua egin zuen. 

Vilariñok ez du, momentuz, azalpenik eman nahi izan. Bere erantzuna Osasunako entrenamenduetan dena ematea izan da. Oraindik ez du adierazi zein izango den jokatuko duen talde berria, eta pentsatzekoa da bide berria hartzen duenean afera honen inguruko azalpenak emango dituela.